Baso kudeaketarako pistak zabaldu dira Ergan

Guaixe 2010ko urr. 14a, 00:00
Erga mendiko (1088 m.) basoan makinak lanean daude. Iraila hasieran hasi ziren eta egitekoa despeditzear dute. Basoa kudeatzeko pistak zabaldu eta egokitzen ari dira mendi gainera daraman bidean. Aizkorbeko herritarrak Arakilgo Udalera jo zuten, herriko basoko pistek hobekuntza behar zutela jakinaraziz. Aizkorbearrek azaldu zutenez, landaretza pistak ixten ari zen, senda bihurtuz. Aizkorbeko herritarren eskaera kontuan hartu zuen Arakilgo Udalak eta enpresa bati egitasmoa egiteko eskatu zion. Nafarroako Gobernuak oniritzia eman zion egitasmoari eta lanak, esan bezala, irailean hasi ziren. ArgudioakArakilgo Udaletik nabarmendu dute Aizkorbeko herritarrren nahi bati erantzunez jokatu dutela. "Ez da interes ekonomikorik egon. Gainera, moztu diren zuhaitzak aizkorbearrendako izan dira". Arakilgo Udalak azaldu duenez, "zeuden pistak dira berritu direnak. Baldintza onak eta arrazoizko segurtasun neurriak dituzten pistak nahi ditugu". Pista zabalagoak diren tokiak ibilgailuak gurutzatu edo haiek buelta emateko direla argitu dute. Udal arduradunek azaldu digutenez, "mendi teknikariek hala eskatuta luzatu dira pista horiek, etorkizunean basoaren toki jakin horietan garbiketak eta entresakak egin ahal ziateko". Udaletik gaineratu dutenez, "sute bat izanen balitz" pistak erabilgarriak izanen liratekeela nabarmendu dute. Beraz, jarduera "neurrikoa" izan  dela iritzi diote udalean. Bestetik, pista ibilgailuei mugatzea ez dute baztertu. KontraIrurtzungo Iratxo Elkarteko Mendi Sailaren iritziz Erga magalean egin diren pistak "ez dira beharrezkoak". Mendizaleen iritziz "jende asko igotzen da Ergara, Aizkorbetik, Irurtzundik, Latasatik, Erasotik edo Aginagatik. Sekula ez dugu entzun pista zabaltzea behar zenik, bide eder batetik bost metro zabaleko pistara pasatzeko". Iratxo Elkarteko Mendi Sailak gogora ekarri du Trinitateko ermitaraino Aginagatik pista bat igotzen dela, ziurrenik Karlistaden garaian eginikoa. Beraz, bide hark Trinitateko erromeriako asistentzia "bermatzen" duela uste dute mendizaleek. Iratxoko mendizaleek salatu dutenez, duela hamar urte udalak egindako bi metro zabaleko pista 3,5 eta toki batzuetan 5 metro zabaleko bihurtu da. Pista horretatik beste adar batzuk abiatzen direla ere gaineratu dute mendizaleek, "etxerako egurra eta etorkizunean kalitatezko egurra atera eta udalarendako diru iturri izan daitekeena". Iratxo Elkarteko Mendi Sailak kexu azaldu da, neguan pista lokaztu eta handik ibiltzea ezinezko bihurtuko delako. Bestalde, "tokiz kanpo" jo  dute "Aizkorbetik autoz edo 4x4an minutu batzuetan tontorrera igotzea, kontuan izanik Aginagako pista dagoela". Horregatik, Iratxo Elkarteko Mendi Sailak uste du "gaur egungo iturritik gora motordun ibilgailu bat bera ere ez dela pasa behar". Horretarako bidea itxiz kate bat jartzea eskatzen dute mendizaleek.  Arakilgo Udala kritikatu dute  Iratxo Elkarteko Mendi Sailekoek "beharrezko ez zen zerbaitetan 25.000 euro gastatzeagatik eta Nafarroako Gobernuari hura baimentzegatik".