Madrilen deklaratu eta bueltan

Guaixe 2012ko urt. 26a, 19:08
Epaileak ez die kautelazko neurririk jarri bi altsasuarrei, baina inputatuta segitzen duteAtzokoan deklaratu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu Zubizarreta eta Ramon Lopez Cid. Erregearen diskurtsoa parodia dela eta Koroa iraintzea eta Espainia iraintzea leporatzen diete. Santiago Pedraz epailearen aurrean bi altsasuarrek haien abokatuaren, Jone Goirizelaiaren galderei erantzun zieten soilik. Urrestarazu Beleixe Irratian (FM 107,3) adierazi zuenez, laburra izan zen deklarazioa. "Leporatzen dizkidaten gaien inguruan galdetu dit. Gezurrak ere ziren informazio batzuetan oinarrituta daude eta zeuden dudak argitze aldera egin dizkigu galderak". Hala, alkateak parodia emateko baimena nola tramitatu zen, zein prozedura izan zuen azaldu zuen eta udaletxea ez zela erabili argitu. Lopezek, berriz, azaldu zuen parodiak Altsasun jasaten den polizia-jazarpena salatzea zuela helburu eta ez zegoela inor iraintzeko asmorik. Guardia Civilak parodia gertutik zaindu eta filmatu zuela nabarmendu zuen. Neurririk ezDeklarazioen ondoren, ez Jesus Alonso fiskalak ezta herri akusazioek ere (AVT eta Manos Limpias) ez zituzten kautelazko neurririk eskatu. Polizia txostenetan oinarrituta, AVT-ek parodiagatik beste bi altsasuarrek inputatu gisa deklaratzea eskatu du: Haritz Leoz Crespo eta Oscar Garcia Souto. Aurrenekoari parodian erregearena egiteagatik litzateke eta, bigarrenari, erregearen aldamenean hierarka nazi gisa joateagatik.AutobusaBi inputatuak makina bat altsasuarrekin batera joan ziren Madrilera, autobusez. Babesa ematera joan zirenen artean zeuden Bildu Altsasuko Ruben Imaz Alcaide eta Hasier Gonzalez Larrañaga zinegotziak, Maiorga Ramirez eta Bikendi Barea parlamentarioak, baita Altsasuko NaBaiko zinegotzi diren Asun Fernandez de Garaialde eta Santi Luceño ere. Deklaratzeko hitzordua 10:00etan jarria zuten, baina 11:30etaraino atzeratu zen, epaileak dentistarekin kontsulta zuelako.AdierazpenakEzker abertzaleak ohar baten bidez elkartasuna adierazi zien altsasuarrei. Nafarroako ezker abertzaleko kideen ustez "independentiston aurka onartutako salbuespen neurri eta legeek frogatzen duten bakarra estatu Espainiarraren urritasun demokratikoa da". Madrilera joan behar izana "eskubide zibil eta politikoak urratuak dituen jendarte baten isla" dela nabarmendu zuen. Ezker abertzaleak, azkenik, eskenatoki berrian estatuak konponbide prozesuan urratsak eman ditzala exijitu zuen, "eta ez da salbuespen neurrien atzean ezkutatu".Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde Roberto Jimenezek parodiaren inguruan adierazi zuen, "penalki legezkoa izan edo ez, ikuspuntu politiko eta sozialetik gaitzesgarria da". Halako jarrerak Nafarroatik desagerrarazi behar dela nabarmendu zuen, "elkarbizitza demokratiko normala nahasten dutelako".