Azken uneko teknikakoak gara gu

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2014ko aza. 28a, 08:00
Jartur eta Morkots. Argazkia: Jabi Trap.

Morkots eta Jartur Komikilari altsasuarrak.

1. Aspalditik ez zarete Guaixeko bulegotik pasatu… Zer dela eta orain gurean?
Morkots: Aspalditik, martxoaren 2012an biok elkarrekin egin genuen komikitik, tenpluaren komikitik. Guaixeren 20 urte hauetan egin ditugun komikien bilduma bat egitearen harira gaude hemen. Guaixekoen ideia izan da. Nik Alfredori aipatu nion Morkots hil nahi nuela, baina hilkutxa dezente bat behar nuen eta komiki bilduma hau izan zitekeen. Baina orain pentsatzen ari naiz ez dudala hilko (kar kar).
Jartur: Niri Morkotsek aipatu zidan komiki bildumarena eta gustatu zitzaidan. Horrela, guk egindakoa modu fisikoan geratuko da, bilduta eta polita.

2.Zuetatik nork argitaratu zuen lehendabizi Guaixen?
Jartur: Ni hasi nintzen. Guaixe hilabetekaria zenean orri oso bat neukan komikia egiteko. Ondoren lan egiten hasi nintzen eta denbora bat eman nuen komikirik publikatu gabe.
Morkots: Nik hilabetekari zenean soilik pare bat komiki argitaratu nituen. Guaixe astekari bilakatu zenean hasi nintzen Guaixerako komikigintzan.

3.Nola deskribatuko zenukete bata bestearen estiloa?
Jartur: Uste dut ez dudala estilo definiturik.
Morkots: Gaiei begira Jarturrek asko ukitzen ditu krisia, lanaren gaia…
Jartur: Komiki horietako asko Gamesatik bota gintuztenean idatzi nituen, enpresa itxiera asko izan zirenean.
Morkots: Eta grafitero estiloa du… Jarturren estilo monigoteroa (kar kar)!
Jartur: Nik Morkotsen tematikaz… ez dut ideiarik ere! Hori bai, teknikoki, askoz ere depuratuagoa da.

4. Bata bestearen karikatura egin duzue liburuan?
Morkots: Ez, bion artean egin genituen gure karikaturak. Arturok zirriborroa egin zuen eta gero bion artean eman genion forma.
Jartur: Japoniar sandaliak berak egin zituen, eh?
Morkots: Jartur tipo elegantea da, eta ni traza hutsa!
Jartur: Bere adinean oraindik punkyz doa!

5. Nola marrazten dituzue komikiak? Paperean, ordenagailuz…
Jartur: Ni tradizionalagoa naiz. Morkots tabletarekin aritzen da…
Morkots: Gehienbat ordenagailuarekin eta tabletarekin marrazten dut, baina gutxika uzten ari naiz. Paperera bueltatu nahi dut. Nire lehendabiziko komikiak akuarelaz eginak zeuden, baina gero gehienak ordenagailuz, azkarragoa delako. Trazua berdina da, arkatzarekin edo errotulagailuarekin margotzea bezalakoa delako.
Jartur: Nik ez dut salto hori eman. Garestiagoa ere bada. Baina ez ditut Morkotsek bezainbat ordu margotzen sartzen. Morkotsek bere lanbidea du, animazioarekin eta beste dabil.
Biak: Hori bai, normalean azken unean egiten genituen komikiak. Azkartasunaren eta azkeneko unearen teknikakoak gara gu (kar kar).

6. Zein da komikiak egiterakoan zuen inspirazio tenplua? Zein, non eta norekin?
Jartur: Bizi duzuna, ikusten duzuna, entzuten duzuna, dituzun paranoiak, zure buruak esaten dizuna…
Morkots: Afalondoan esaten diren tontakeria horiek, lagunek aipatutakoak…
Jartur: Bai, pitokeria horiek apuntatzen dituzu, baina zaila da gero komikira pasatzea, sarritan gero ez diozu unean ikusi diozun grazia ikusten. Batzuetan gai bati buruz zerbait esan nahi duzu eta gakoa ematen diozun enfokea da. Et gero ere txisteak, esaera zaharrak eta beste lapurtu ahal dituzu (kar kar). 

7. Guaixerako idazteak baldintzatzen zintuzten?
Jartur: Honbre, halako autozentsura bat egiten genuen…
Morkots: Bai, komikiak ez dira horren basatiak edo gordinak.
Jartur: Kontuan izan behar da ez direla Tmeorako…
Morkots: Ez dituzu gauza oso gogorrak sartuko lengoaian, gaian edo komikia garatzerakoan. Jakina, gaia potoloak eta gogorrak badaude, baina tratatzerako orduan kontuan izan behar duzu adin ezberdina duen publikorako ari zarela.

8. Nola hautatu dituzue zinta liburuxkan jaso dituzuen komikiak?
Jartur: Nik egin nuen ia guztia jaso dut.
Morkots: Nik komikien selekzioa egin dut. Gaiari begiratuta orokorragoak zirenak hautatu ditut, egun alboan albistea izan gabe ulertu daitezkeenak. Komiki asko atenporalak dira: AHT, baratzearen munduko hainbat… Nik ongi pasatu dut komiki guztiak egiten, gustura geratu naiz.
Jartur: Elkarrekin egin genuen komikiarekin, tenpluarenarekin, pasatu nuen hobekien. Horretaz gain, batzuekin gusturago geratzen zara beste batzuekin baino.

10. Guaixea aspergarriagoa da zuek gabe?
Morkots: Askoz gehiago!    
Jartur: Nik uste dut baietz. Gu jarraitzen gintuen jende asko dago.
Morkots: Begirada grafiko hori falta da. Ez begirada kritikoa, testuan egiten delako, baina bai begirada grafiko kritikoa. Eta faltan botatzen da.

11. Zergatik erosi beharko litzateke zuen zinta liburua?
Jartur: Nik uste nuen guretzako oparia zela!
Morkots: Erosleak txiste eta kirtenkeria bilduma eramango duelako etxera, Sakanako garai bateko eta egungo kronika grafikoa.
Jartur: Niri Alfredok liburuxkan idatzitako aurkezpena asko gustatu zait. Beti azken orduan ibiltzen nintzen eta aipatzen du (kar kar).
Morkots: Niri Raf Atxurik egindakoa baita. Uste dut inoiz helduko ez zaion urdaiazpiko baten zain dagoela (kar kar)!