Festen dataz aritzeko batzarra eta herri galdeketa loteslea

Guaixe 2015ko urt. 29a, 19:57
Festa eztanda noiz izanen den zehazteko dago.

Aldaketarik ez bada, irailaren 13an, domekan hasi eta ostegunean bukatuko lirateke festak. Ospakizunerako astebururik ez izateak zeresana sortu du.

Herriko festen dataren inguruan galdeketa loteslea egitea erabaki zuen Altsasuko Udalak atzoko bilkuran. Kontsulta egin aurretik altsasuarrak batzarrera deituko dituzte data aldaketarako argudioak azaldu eta gizarteratzeko. “Festa egutegiaren inguruan gizarte akordioa lortzeko batzarra informazio eta alternatiba sortzailea izatea” nahi du udalak. Batzarraren lehen zati batean argudioak emanen lirateke eta bigarrenean proposamenak luzatuko lirateke, baina metodologia oraindik zehazteko dago.

Batzar horretatik aterako da kontsultako galdera zehatza. Aldi berean, batzarrak erabakiko du festen data mantentzea, soilik aurtengorako konponbidea bilatzea edo etorkizunerako konponbideaz galdetzen duen. Parte hartze batzordeak aurreko ostegunean egindako proposamena osotasunean bere egin zuen udalak. Batzordeko kideak aldaketaren alde daude. Batzarra behar bezala prestatzeko Altsasuko Udala asteartean elkartuko da.

Kronologia
1905. Festak eta feriak urriaren 20tik 24ra ospatu ziren. El Eco de Navarra egunkariak hilaren bostean zehaztu zuenez, “festak urriko azken hamarrekoan ospatzen dira”.

1918. Udalak erabaki zuen festak eta feriak bertan behera uztea. Arrazoia urte hartan  hainbeste jende hil zuen gripe epidemia izan zen. (El Pensamiento Navarro, 1918-10-19).

1929. La Voz de Navarra egunkariak herrian zabaldua zegoen zurrumurru baten berri eman zuen: “gure udalak festen data aldatzeko asmoa du euriak haiek zapuztu ez ditzan”. Plebiszitua eginen zela aipatu zuen eta festak abuztuaren 15era aldatzearen alde agertu zen (La Voz de Navarra, 1929-10-30). Diario de Navarran ere gaiaren berri eman zuten eta iraileko gurutzera aldatzea proposatu zuen, “nekazaritzako lanak despedituak daudelako” (Diario de Navarra, 1929-11-07).

1930. Festak irailean ospatu ziren aurreneko aldiz, 14tik 17ra (La Voz de Navarra, 1930-08-26). Feriak urriaren 26 eta 27an izan ziren (El Pensamiento Navarro, 1930-10-15).

1933. Festak irailaren 16tik 20ra ospatu ziren (La Voz de Navarra, 1933-09-07).

1934. Festak irailaren 15etik 19ra ospatu ziren (La Voz de Navarra, 1930-09-09).

1935. Festak irailaren 14tik 18ra ospatu ziren (La Voz de Navarra, 1930-09-11).

2009. Festak irailaren 10etik 14ra ospatu ziren.

2009-10-04 Herri galdeketa egin zen. 1.436k data ez aldatzearen alde bozkatu zuten eta 332k aldatzearen alde.