Edurnerekin bat dinamika abiarazi dute

Guaixe 2015ko urt. 30a, 18:07

Donostiako herri harresian atxilotu zuten gazte altsasuarra otsailaren 25ean epaituko dute. Dinamikak “polizia muntaiak etetea” eskatu du.

Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegian bi akusaziori aurre egin beharko dio Edurne Martinezek otsailaren 25ean: ertzain bat erasotzea eta agintearen kontrako erasoa. Horiengatik 15 hilabeteko espetxe zigorra eta isuna eskatzen diote. 2013ko apirilaren 19an Donostiako Boulevardean eratu zen herri harresian Martinez atxilotu ondoren leporatu zizkioten kargu horiek.

Epaiketaren aurrean Martinezi babesa emateko eta auzia salatzeko sortu da Edurnerekin bat dinamika: “Argi dugu epaiketa politikoa izanen dela, militantzia politikoagatik atxilotuak eta epaituak izanen ziren gazte batzuenganako elkartasun ekimen batean atxilotu baitzuten”. Dinamikatik antolatutako ekimenetan parte hartzera deitu dute.  

Asteazkenero azokan gazte altsasuarraren kasuari buruzko informazio orriak banatzen ari dira. Batzarrak ere antolatu ditu dinamikak. Horretaz aparte, bestelakoak iragarriak dituzte: otsailaren 3an, asteartean, 19:00etan, Iortia kultur gunean prentsaurrekoa emanen dute eta ondoren batzarra egin; otsailaren 13an, ostiralean, 19:00etan, elkartasun ekitaldia izanen da kultur gunean; otsailaren  21ean, larunbatean, inauteri egunez elkartasun eguna antolatu dute eta otsailaren 25ean, asteazkenean, Donostiako auzitegira joateko deia luzatu dute.

Akordioa
Altsasuko Udalak atzo egindako bilkuran Edurne Martinezi elkartasuna adieraztea eta eginen diren dinamiketan parte hartzea erabaki zuen. Aldi berean, epaiketa bertan behera uzteko eskaera egin du. Hura epaituz gero, gaztearekin batera Donostiara joateko erabakia hartu du udalak. Azkenik, epaiketa eguna iritsi bitartean udaletxean egunen atzera kontua erakusten duen Edurnerekin bat panela jartzea ontzat eman zuen udalak. EHBilduk alde bozkatu zuen, PPk kontra eta Geroa Bai, PSN eta IU abstenitu egin ziren. UPNk ez zuen bozketan parte hartu.

Atxiloketaz
Egun hartan Segiko kide izateagatik atxilotuak izateko aginduan zuten sei gazte babestera 800 bat pertsona elkartu ziren, herri harresia osatuz. Herri dinamikatik gogora ekarri dutenez, “erresistentzia pasiboaren eta desobedientziaren bidez aurre egin zioten polizia indarrei. Beste asko bezala bortizki atera zuten harresitik, iletik helduz eta handik tiraka, arrastaka, besteengandik askatu zuten arte”.

Dinamikako kideek diotenez Martinezek “ erresistentzia pasiboa egin zuen eta ertzainen aldetik jipoiak eta mehatxuak baino ez zituen jaso”. Edurne oraindik lurrean zela, “beste bi ertzain gainera bota eta haietako batek atxilo eraman behar zutela esan zion, beste bi ertzainen harridurarako”. Herri harresia desegin eta sei gazteak atxilotu arte Ertzaintzaren furgoneta batean egon zen Martinez. Handik polizia-etxera eraman zuten eta han jakinarazi zizkioten bere kontrako karguak.