Iban Resano eta Aitor Senosiain lanera

Guaixe 2015ko urt. 31a, 12:32

Zilarrezko Binakako Aizkolarien Txapelketako azken jardunaldia jokatuko dute igandean Rivabellosan (12:45)

Igandean Zilarrezko Binakako Aizkolarien Txapelketako azken jardunaldia hartuko du Rivabellosak (Araba), 12:45ean. Zehazki, D multzoko lehen postua dute jokoan lehian ariko diren 3 bikoteak: Jose Angel Zubiaga-Iñaki Kintana, Luis Toledano-Andres Trilla eta Aitor Senosiainekin bikoa osatzen duen Iban Resano dorrobarrak. 5 lan burutu beharko ditu biko bakoitzak, guztira 8 enbor erdibitzeko.

A, B, C eta D multzoetan lehenak sailkatzen direnak Zilarrezko txapelketarako finalerdietarako sailkatuko dira zuzenean, eta bigarrenek eta hirugarrenek bigarren fase batean beste aukera bat izanen dute, finalerdirako bi toki baitaude hutsik. Ea dorrobarrak eta Aitor Senosiainek aurrera egiten duten.