Institutuko zuzendaritzak Altsasuko kintoei

Javier Casteig 2015ko ots. 13a, 08:02

Astearte goizaldean institutuan izandako gertaera lazgarrien aurrean, institutuko zuzendaritzak bere iritzia plazaratu nahi du:

Santa Ageda egunak ez dira samurrak izaten institutuan: ikasle batzuk falta dira, zalantzak sortzen dira ez-etortzeak justifika ote daitezkeen, zeinek justifikatu… eta  gertatutakoek ez dute batere laguntzen giroa baretzen.

Gertatukoa geure ikuspuntutik azaltzen hasiko gara, baina ez gara astearteko gertaerekin itsutuko, eta ospakizun osoari gainbegirada bat ematen saiatuko gara. Hori dela eta, geure hausnarketa kintooi zuzenduta dago.

Iritsi zen otsailaren 5a, Santa Ageda eguna, Burunda osoan bereziki ospatzen dena, eta, horrekin batera, zuen diru bilketa ere iritsi zen. Altsasuko herriari laguntza eskatu zenioten zuen festa ospatzeko, eta institututik ere pasatu zineten. Jendeak laguntza eskaini zizuen, eta ez nolanahikoa! 16.000 € eman zizuen, eta honako hau agindu ere bai: “Disfrutatu eta ondo pasa!”. Zenbat aldiz ez ote zenuten adituko esaera hori diru puxka bat jaso ondoren!

Jakina, esker onekoa da emandakoa itzultzea, eta ongi zenekiten nola egin: hilabete osoa eman duzue zortzikoa entseatzen, egun hauetan jendeari eskaintzeko.

Baita egin ere! Zeinen ederra den plaza jendez gainezka ikustea, zuek dantzan noiz hasiko zain! Berriz ere, Altsasuko jendea hor egon zen zuekin: familia guztiak, neska-lagunak, mutil-lagunak, Sakanako beste herrietako jendea... etengabe animatzen eta aupaka. Eta zuen ikuskizuna, aparta!

Dantzen ondoren, parrandak ere ohikoak izaten dira, eta, parrandekin, gorabeherak. Astelehen goizean, zuetako batzuen bisita jaso genuen institutuan. Batzuk itxuran zeundeten; eta beste batzuk ez hain ongi. Zorionez, gauzak ez ziren asko nahastu: ez sartzeko agindu eta ia-ia bete, batzuek bazterrak pixka bat endredatu... Baina bazen guztiz lekuz kanpo zegoen gauza bat: oiloa. Zertarako beharko zuten batzuek, oiloa? Gauza onik ez.

Eta azken eguna... Zein polita amaiera! Zeinen ederra kinto guztiak batera dantzan ikustea eta guztiak kioskoan bilduta txistularien inguruan biltzea! Zirraragarria! Agian, batzuek negar eginen zenuten/zuten amaieran. Esker onekoa da emandakoa itzultzea, eta egin zenuten, eta nola gainera! Bukatu da, akabo!

Astearte goizean, kinto izandako batzuk lehenengo orduan institutura agertu ziren, egunerokora itzultzeko asmotan; beste batzuk, aldiz, bukatutakoa institutuan luzatu nahian. Baina, oraingoan, bisita ez zen bezperan bezala ia bisita hutsean bukatu. Kinto batzuk antzara bat eta oilo bat eskuetan zituztela agertu ziren, eta, gaztetxo askoren aurrean, animaliei barrabaskeriak egiten aritu ziren: tratu txarrak eragin, edari alkoholikoak eman, oiloa eskaileraren tartetik lurrera bota eta odoletan utzi... Zeinen krudel eta bihozgabe! Halakoak ikusirik, batzuk negarrez hasi ziren, zuetako batzuek egindakoari begira. Zuzendaritza zuetako batzuk kanporatu nahian hasi zen, eta erantzun txarra jaso genuen: okerreko bidea hartuta, edozein lekutan erre, zakarrontziak lurrera bota... Zer erraza den batzuek une batean kinto guztien artean ongi egindako guztia kakaztea! Ondo pasatzeko eta disfrutatzeko agindua zenuten, baina, horretarako, zeuek zeuen buruarekin disfrutatu behar duzue, eta ez inguruan dituzuen izaki bizidunekin! Utzi besteak bakean!
Zuzen egindakoak txalotzen ditugun bezala, gaizki egindakoak ere salatzea dagokigu, eta, gure ustez, astearteko gertakariak guztiz salagarriak dira, ekintza krudelak, ankerrak eta justifika ezinak iruditzen zaizkigulako.

Gauza asko egin dira ongi, gehienak, baina gutxi batzuk nazkagarriak izan dira; gainera, azken hauek gaztetxo askoren aurrean egin dira (zein eredu okerra!). Hala ere, espero dezagun ikasleek ikusi dituzten horietatik ere ikastea eta etorkizuneko kintoak izango diren horiek zer ez den egin behar ulertzea, hau da, animaliak ez direla parrandarako objektuak eta haiek eta haien bizilekua errespetatu eta zaindu behar ditugula ulertzea.

Bukatzeko, etorkizuneko kintoei eskatu nahi diegu  institutuan ez dugula festa egunetako azken ospakizunik nahi, arazo iturri besterik ez baita izaten.