Udala, atzera ere, osatuta

Guaixe 2015ko ots. 26a, 17:43
David Medina eta Juan Miguel Perez Hurtado zinegotzi sozialistak atzoko plenoan.

Atzo hartu zuen zinegotzi kargua PSNko Perez Hurtadok.

Legegintzaldia despeditzeko hilabete gutxi batzuk falta direnean hartu du kargua Juan Miguel Perez Hurtadok, hasieran ezin izan baitzuen PSNren zuzendaritzak hala erabakita. 2011ko udal-hauteskunde zerrendak osatzerakoan Altsasuko Talde Sozialistaren eta Iruñeko zuzendaritzaren artean gatazka sortu zen. Altsasutik proposatutako eta Perez Hurtado buru zuen zerrenda betatu egin zuten Iruñeko zuzendaritzan eta Maria Jose Notario buru eta independente asko zituen beste zerrenda bat onartu zuten.

2012ko ilbeltzean Maria Jose Notariok dimisioa eman zuen. Javier Donlo zinegotziak bere karguan segitu zuen, baina azaroan gaixotasunagatik baja eskatu zuen. Zenbait hilabetez PSNko ordezkaririk ez zen udalean izan, harik eta 2013ko garagarrilaren 26an Braulio Salvador Calvok (zerrendako bosgarrena) Donloren tokia bete zuen arte.

Altsasuko Talde Sozialistak Salvadorri alderdian baja emateko eskatu zion PSNren zuzendaritzari 2013ko iraila hasieran, zinegotziak “alde bakartasunez” jokatzen zuela iritzita. Baina ez zen halakorik gertatu. Bestalde, bi urte behar izan zituen PSNk Notarioren ordezkoa udalean aurkezteko: David Medinak 2014ko otsailaren 26an hartu zuen zinegotzi kargua. Lastailaren 4an hil zen Braulio Salvador Calvoren ordez hartu zuen zinegotzi kargua atzo Juan Miguel Perez Hurtadok.