Ukrainako gatazkak hainbat hiri eta herriren izenak ezagun bihurtu dizkigu: Kiev, Mariupol, Lugansk, Donbas, Donetsk… Izen horietako askok gerraz bestelako oroitzapenak berritu dizkie altsasuar askori. Izan ere, Altsasuko dantza taldeak 1992ko udan Ukrainara bidaiatu zuen. Garilaren 31 eta agorrilaren 10a bitarteko bidaia hartan Kieven, Mariupolen, Donetsken, Akeivon eta Makinkan dantzatu zuten altsasuarrek.
Ukrainarako bidaia hark lau milioi pezetako (24.040 euro) aurrekontua izan zuen. Horretarako dantzariek herrietako festetan barrakak jarri zituzten eta dantza jaialdia antolatu zuten herrian. Hurrengo urtean Ukrainako dantza talde bat Altsasuko festetan aritu zen dantzan. Aurretik jaki ez galkorren bilketa egin zuen dantza taldeak altsasuarren artean, ukrainarrek eraman zezaten.
Hamarkada bat bete zuen agorrila hartan Altsasuko Dantza Taldeak. Aurretik, 1986an Munichen (Alemania) eta 1989an Cantanebros (Bartzelona) aritu ziren. 1988an, bestalde, Enrike Zelaiarekin eta Erkudengo Ama abesbatzarekin batera, Amaiur ikuskizuna ondu zuten.