Denboraldia hastear dagoen honetan, Burunda Txirrindularitza Klubak 2015 denboraldiko lasterketetan arituko diren taldeak zeintzuk diren erakutsiko du bihar, larunbatean, eguerdian Altsasuko Iortia Kultur Gunean.
12:15ean Burunda klubeko taldeei –Quesos Albeniz juniorrak eta kadeteak eta Katealde-La Tasca de Don Jose-Cafes San Donato eskolak– argazkiak aterako dizkiete Iortiako kanpoaldean. Eta segidan, 12:45ean, Burundako junta berria eta txirrindularien aurkezpena eginen da Iortia barruan.
Zikloturistak errepidera
Badago txirrindulari talde edo “grupeto” bat astebururo txirrindula hartu eta buelta bat ematera joaten dena. Taldetxo honek zikloturismo egutegi bat antolatu du. Goizeko 10:00etan dute hitzordua, larunbatetan, Altsasuko Iortia pareko tren lokomotoran. Larunbat honetan, otsailak 28, ondoko ibilbidea egingo dute: Altsasutik aterako dira, Irurtzuneraino heldu, han buelta hartu, Lakuntzan industrialdetik sartu eta Zarapiko zubitik Etxarrira helduko dira, ibilbidea Altsasun despeditzeko. Nahi dutenek beraiekin bat egin dezakete.
Aste Santuan astegunetan goizeko 9:00etan jarri dute hitzordua.