Kirolean sexuen berdintasunaz solasean gaur

Guaixe 2015ko mar. 12a, 12:01

Ainhoa Azurmendi kirol aholkulariaren hitzaldia gaur, ostegunean, 19:00etan, Iortian

Emakumearen egunaren ildora Altsasun antolatutako ekitaldien barruan, kirolean berdintasuna ematen ote den aztertuko du Ainhoa Azurmendik. Berdintasuna kirolean? Zer eta nola? izenburupean eskainiko du hitzaldia gaur, ostegunean, 19:00etan, Altsasuko Iortia Kultur Gunean. Emakumeen Bilguneak antolatu du hitzaldia.

Ainhoa Azurmendi psikologoa eta kirol aholkularia da eta hainbat ikerketa egin ditu kirolean ematen diren genero ezberdintasunen inguruan. Kirol alorrean berdintasuna errealitate bihurtzeko, erakundeek apustu sendoago bat egin behar dutela uste du Azurmendik, eta bere arabera, eskola kiroletik hasi behar da lanketa. Horretaz gain, Azurmendi emakumeen kirolaren inguruan erakundeek eta hedabideek duten jokabidearekin kritikoa da. “Onartezina da esatea emakumeen kirolak ez duela saltzen” adierazi zuen aurreko astean Berria egunkarian.