Bertako musikariak Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin batera

Guaixe 2015ko mar. 27a, 12:30

Enrike Zelaia akordeoilaria, Altsasuko Dantza Eskola, Burundar Txistulariak, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatza orkestrarekin batera ariko dira. Bihar, larunbata, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Sarrerak agortuta daude

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren egonaldi altsasuarra kontzertu parte-hartzaile handi batekin despedituko da. Joseba Torre Iruñeko Kontserbatorio-nagusiko irakasleak zuzenduta ariko dira orkestra eta bertako musikariak: Enrike Zelaia akordeoilaria, Altsasuko Dantza Eskola, Burundar Txistulariak, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatza. Orkestrako gerente Joaquin Romerok azaldu duenez, “Torre ez da orkestraren zuzendaria; kanpo lankidetza bat da, ekarpena eginen diguna”.

Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude aspaldi. Romerok esan duenez, “aurreikuspenak gainditu dira. Udalak bigarren saio bat egiten saiatu da, baina arrazoi teknikoengatik ezin izan da. Entsegu orokorra publiko egitea ere pentsatu da, baina ezin da; orkestra eta Altsasuko musika eragileak entseatzeko aukera bakarra delako”. Romerok iragarri duenez, “heldu den urtean berriro izanen gara. Ez dela unean-uneko kontu bat”.

Astearteaz geroztik daude orkestrako kideak Altsasun. Trotamoundosn programak ekarri ditu Altsasura. Orkestrako programen koordinatzaile Ione Arronizek azaldu digunez, joan zen urtean Lizarran abiatu zuten aberaste prozesuaren segida izanen da Altsasukoa.

Egitaraua    
G.Bizet     Carmen Suite nº1
G. Verdi    Rigoletto, Caro Nome. Bakarlaria: Sofia Esparza.
G. Bizet    Carmen, Je dis que rien ne m’épouvante. Bakarlaria: Maria Aiestaran.
C. Gounod      Romeo eta Julieta, Je veux vivre. Bakarlaria: Maria Lakuntza.
L. Aramburu   Hartzaren Ehiza, orkestra eta txistu bandarako.
E. Zelaia         Bariaziodun baltsa, orkestra eta akordeoirako.
F.A. Barbieri  Orkestra eta bandarako sinfonia
W.A. Mozart  Ave Verum, abesbatzarekin.  
G. Verdi         Nabucco, Va pensiero, esklaboen korua, abesbatzarekin.