Bihar Burunda Txirrindularitza Taldea Trofeoa jokoan

Guaixe 2015ko api. 24a, 15:45

Kadeteen lasterketa larunbatean 17:00etan abiatuko da, Altsasutik

Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta, bihar, larunbatean jokatuko da 38. Burunda Trofeoa, kadeteen mailako proba. Lasterketa Nafar Kirol Jolasetarako puntuagarria izango da eta lehiatuko direnen artean Burunda eta Aralar klubetako txirrindulariak izango ditugu.

Guztira 51 km izanen dituzte aurrez-aurre txirrindulariek. Altsasutik aterata, Ziordiraino iritsiko dira, handik buelta hartu eta Bakaikuraino iritsiz. Buelta hartuta, atzera ere Ziordira joko dute. Ziordian buelta hartuta, Olaztitik Altamira portua igoko dute eta hura jaitsita Iturmendiraino iritsiko dira, han buelta hartu eta Altsasuko helmugaraino iristeko.

Asier Etxeberria 8.a Lizarran
Juniorrek Lizarran izan zuten lasterketa, nahiko gogorra suertatu zena. 85 txirrindularik hartu zuten irteera eta 39k lortu zuten proba bukatzea, esprintean Galdeano taldeko Diego Lopez buru zela (2:04:15). Burundako Quesos Albenizeko Asier Etxeberria 8.a izan zen, denbora berean. Irabiako Nestor Baroja 19.a sartu zen, 1:16ra, eta Quesos Albenizeko Juan Alberto Jimenez 21.a, denbora berean. Haren taldekide Eneko Aramendia 24.a sailkatu zen, 1:51ra.  

Bestalde, Quesos Albeniz taldeko kadeteak Zumaian lehiatu ziren, Gaztetxoak Sarirako baliagarria zen lasterketan. Lan txukuna egin zuten: Ailetz Lasa 20.a izan zen, Josu Etxeberria 39.a, Hodei Zia 62.a, Josu Jaka 63.a eta Ohian Vinagre 72.a.