Hiru altsasuar Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Guaixe 2015ko api. 24a, 09:24
Nafarroako Bertsolari Txapelketako Lakuntzako saioaren aurretik altsasuarrak aritu ziren.

Gaur, 19:00etan, Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean.

Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren 29.edizioan hamar bertsolari gaztek parte hartuko dute. Guztiak ere 14 eta 18 urte artean dituzte. Haien artean daude Idoia Granizo, Ekain Alegre eta Aitziber Grados altsasuarrak. Ainara Ieregi aurkezleak gidatuta bertsolariek lehen fasean honako lana egin beharko dute: Hasierako agurra; gai orokorrarekin bertso bat osatu; lau oinak emanda bertso bat osatu eta hitza emanda bertso bat osatu.

Bigarren fasera lau bertsolari pasako dira eta haien egitekoa hauxe izanen da: binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda bertso bat zortziko txikian eta binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan. Lehen bi postuak eskuratzen dituztenek Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzea lortuko dute. Euskal Herriko finala eta festa garagarrilaren 27an izanen da, Orion.

Eskoartekoa, osotasunaren zati
Lehia formatuko ekimen horrekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa… Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko… parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.

Gaur egun 18 urtetik beherakoen 20 bertso-eskola eta 170 ikasle daude Nafarroan. 10 irakaslek gidatuta, eskola orduz kanpo ondorengo herrietan lantzen da bertsolaritza: Lesaka, Bera, Etxalar, Igantzi, Doneztebe, Ituren, Erratzu, Leitza, Lekunberri, Betelu, Altsasu, Iruñea, Barañain eta Lizarran.