Udarako eta ikasturte berriko udal eskaintza buzoian

Guaixe 2015ko mai. 22a, 10:37
Zelandi kiroldegiko igerilekuan ariketak egiten.

Altsasuko Udalak udarako eta ikasturte berrirako prestatu duen eskaintzaren berri ematen duen esku orria etxeetara banatzen ari da egun hauetan. Izen ematea 012 doako telefonora hots eginez egin beharko da maiatzaren 25etik 29ra

Musika eta Dantza Eskolaren, kirol-eskolen, kiroldegiaren, gazteria zerbitzuaren eta ludotekaren eta eskaintzek altsasuar askoren nahiak eta beharrak asetzen dituzte. Horren jakitun Altsasuko Udalak udarako eta heldu den ikasturterako eskaintza egin du, zenbait berritasun sartuz.


Udako eskaintza
Gazteria
Intxostiapunta gazte guneak ordutegia aldatuko du eta garagarrilaren 8tik irailaren 30era arte, astegunetan, 18:00etatik 20:00etara egonen da zabalik. Udara begira, joan den urtean mustu zen UdaGazte hiri kanpamenduak segida izanen du. 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako hiri-udalekua garilaren 13 eta 24a bitartean eginen da. Bestalde, gazteek batukada tailerra izanen dute garileko ostegunetan. Agorrileko ostegunetarako gazteendako eskaintza berria izanen da: gaueko pulunpa. Ostegun horietan, 21:00etatik 23:00etara Dantzalekun gazteei zuzendutako ekintzak eginen dira.

Ludoteka
Lehen aldaketa orain arteko programen izenean dago. Aisiz blai izena hartu dute Bateragarria-Dibertigarria eta Udan Euskaraz programek. Hala, ikasturtea bukatu ondorengo asterako Txantxari Ludotekak Aisiaz Blai Ekaina eskaintza egin du. Haurrak ludotekan 8:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute, astegunetan, ordutegi erdiko aukerarekin.

Ohikoa denez 3 eta 12 urte bitartekoendako Aisiz Blai Uda eskaintza izanen da garileko astegunetan 10:00etatik 13:00etara haurrei makina bat jarduera eskainiko diena. Garilerako hilabete guztirako izen ematea egin beharko da. Baina agorrilean hamabostaldi bakarra aukeratzeko aukera ere badago. Kirolaz Blai Uda programa kiroldegian garatuko da garilean, 9:00etatik 13:00etara. Kirol eskaintzako lehen ordura joan eta gero Aisiz Blai Udarekin bat egiteko aukera ere eskaini du Altsasuko Udalak.

Ordainketa errentaren araberakoa izanen da. Udalak aurreikusitako hobariak eskuratzeko haurren gurasoek edo tutoreak 2013ko errenta aitorpena aurkeztu beharko du.


Kirola
Urteroko igeriketa, aqugym eta gaur egungo dantzak ikastaro eskaintzei berriak batu zaizkie uda honetan. Aquadance da haietako bat. Igerileku txikian, uretan, ariketak eta musika batzean datza. Garilean, astero hiru egunez eginen da. Hipopresiboak jarduera astean bi egunetan eginen da. Saio horietan sabelaldea, pelbis-zorua eta gorputz eskema lantzen da presioa baretzen duten ariketak eginez.

Kirol entrenamendua da aurtengo udako beste berritasunetako bat. 15 urtetik gorakoek korrika, bizikleta, igeriketa eta bestelakoekin,oinarrizko gaitasun fisikoak landuko dituzte.Garilean, astean bitan izanen da. Azkenik, 12 eta 16 urte bitartekoei eskainitako kirol praktika saioak izanen dira garilean. Helburua kirol eta kirol jarduera ezberdinak ezagutaraztea da.



Kirol eskolak
Heldu den ikasturterako izen ematea maiatzaren 25etik garagarrilaren 5era bitartean egin beharko da. Haur eta gazteak taekwondo, yoseikan budo, gimnasia erritmikoa, saskibaloia, areto futbola, Futbol 8, zelai futbola, atletismoa, pilota, tenisa, irristaketa eta multi-kirol eskoletan izena emateko aukera izanen dute.

Ikasturte berrirako berritasuna emakumezkoen futbol 8 eskaintza izanen da. 2000 eta 2005 urteen artean jaiotako neskak Nafarroako Kirol Jolasetan lehiatuko dira. Bestalde, gimnasia erritmikoaren eskaintzaren barruan 2006tik aurrera jaiotako neskato eta mutikoen taldeari bultzada eman nahi zaio. Astean bi orduz ariko dira eta gimnasia erritmikoa, eta bere aparatuak ezagutzera eman eta lantzea izanen da saio horien helburua. Ez da lehiaketetara bideratutako jarduera izanen.

Oharrak
Aurreko urtean egin bezala, Altsasuko Udalak kirol eskolen matrikula familiaren errentaren arabera ordainduko dela jakinarazi du. Bestetik, udaletik gogorarazi dutela ikastaroetako plazak mugatuak direla eta izen-emate ordena errespetatuko dela parte-hartzaileak hartzerakoan.

Bestalde, udaletik gogora ekarri dute ikasrtute berriko jardueretan izena eman dutenek haiek probatzeko lastailaren 15era arteko epea dutela. Ordura arte 012ra hotz eginez izen ematea ezabatzeko aukera dago, baina egun horretatik aurrera jardueran baja ematen duenak kuota osoa ordaindu beharko du. Kobratzeekin lotutako edozein gaietarako Altsasuko Udalaren Kirol Zerbitzura jo beharko da.


Bazkide egiteko eskaintza
Zelandiko kiroldegiko bazkide egin nahi duenak matrikula dohainik izanen du, garagarrilaren 1etik 21era kidetzen bada. Horretarako aurretik kiroldegiko bazkide den pertsona batekin joan behar du eta azken horri urteko kuotetako bat kenduko diote. Informazioa www.altsasu.net web gunean.