Altsasuko Udalak aurten 6.594.968 euroko aurrekontua onartuko du

Guaixe 2015ko mai. 22a, 10:43

Bilduren eta Aralarren aldeko bost botoak eta PSNren, IU-ren, PP-ren eta UPNren kontrako botoak izan zituen. Geroa Baik ez zuen bozketan parte hartu. Alkatearen kalitatezko bozarekin onartu ziren aurrekontuak.

Altsasuko Udalak 5.387.628 euroko aurrekontua izanen du. Gainontzeko 1.207.340 euroak Aita Barandiaran adinduen egoitzako, kiroldegia kudeatzen duen Atabo enpresa publikoko eta Udal Musika eta Dantza eskolako martxa ziurtatzeko izanen dira. Alkatetzako taldeak egindako ahalegina nabarmendu zuen, udalaren diru-sarrerak txikitu zirelako (egur loteak ez saltzeagatik eta harrobiaren kanon faltagatik). Joan den urtekoen ildoari jarraipena ematen dio aurtengo aurrekontuak Garazi Urrestarazu Zubizarretaren arabera. Alkateak azaldu zuen aurrekontuak berandu onartu zirela aurreko legegintzaldietako kontrako epaiak jaso zirelako. Bestetik, aurrekontuak onartuz udal berriari eguneroko kudeaketa errazteko asmoa adierazi zuen.

Altsasuko Udalak aurten inbertsioetarako 32.000 euro bideratuko ditu. Hala ere, alkateak jakinarazi du joan den urteko kontuetan superabita aurreikusten dela eta diru hori ere inbertsioetara bideratuko dela. Dagoeneko zenbait inbertsio zehaztuta daude: kirol azpiegituretan hobekuntzak egiteko 9.000 euro izanen dira; artxiborako altzariak erosteko 7.600 euro aurreikusi ditu udalak; etxegabeen aterperako 3.900 eta Intxostiapuntako ekipamendurako 2.200 euro.

Iritziak
Geroa Baiko Unai Hualdek aurrekontuak hauteskunde kanpaina bete-betean eta korrika onartzeko alkatetzako taldearen tema salatu zuen. Sakanako Mankomunitateari egindako 500.000 euroko diru ekarpenak Altsasuko aurrekontuak lotzen dituela adierazi zuen. IUko Arturo Carreño Mank-i egindako ekarpena gehiegizkotzat jo zuen. Ikastolari egindako ekarpenaren kontra azaldu zen eta enpleguaren sustapenerako diru-saila falta nabarmendu zuen. Alkateak Mank-erako diru-saila txikitu zela argudiatu zuen. PSNko Juan Migel Perez Hurtadok kontuak erretiratzea eta udalbatza berriak aztertzea proposatu zuen.

Geroa Baik memoria historikoaren arloan senideekin hartutako konpromisoa betetzeko 4.000 euroko diru-saila sortzeko emendakina aurkeztu zuen. Udalak aho batez, onartu zuen. Horregatik, Bilduk Urbasako saroiko lezean eraildakoak identifikazio gastuak ordaintzen laguntzeko eskatutako 1.500 euroko emendakina erretiratu zuen. Bestetik, kultur erakundeei zuzendutako diru-saila 3.300 eurotan handitzeko eskaera onartu zuen udalak.

Kontratuak eta euskara
Udal jarduera hartzen duten administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzeko proposamena eraman zuen Euskara Batzordeko buruak udal bilkurara. Aurrerantzean obra publikoetako, aholkularitza teknikoko kontratuetan eta zerbitzu publikoen kudeaketan hizkuntza eskakizun jakin batzuk bete beharko dira. Bilduk eta Aralarren aldeko bozarekin eta gainontzeko taldeen abstentzioarekin onartu zen. Azken horiek gaia batzordean aztertzea proposatu zuten.