Enpresariek alkateari zortzi neurri proposatu dizkiote

Guaixe 2015ko urr. 2a, 08:48
Isasia industrialdeko argiteriaren ardura zeinena den aztertzen ari direla esan zien alkateak enpresariei.

Enpresariek enplegua hobetzea dute helburu.

Altsasuko alkate Jesus Ollo Martinezek herenegun hartu zituen Sakanako Enpresarien Elkarteko (SEE) eta herriko enpresetako ordezkariak. Azken horiek zortzi proposamen aurkeztu zizkioten. “Altsasuko eta beraz Sakanako enplegua hobetu, eta ahal den neurrian, enplegua eta herrian sortutako aberastasuna handitzeko proposamenak dira”, azaldu digu SEEko Cristina Irisarrik. Bi ardatzetan lan egitea aurreikusten dute SEEn: dauden enpresei babesa ematea eta enpresa berriak erakartzeko neurriak hartzea. “Udaletik lehenengoan zuzenean eragin daitekeenez, hasieran horretan indarrak jartzea” egoki jotzen du Irisarrik.

Ollok aitortu duenez, “proposamen horiek udalak aztertzea eta baloratzea merezi dute”. Horregatik, Udaleko Ekonomia Garapen Batzordeari jakinaraziko dizkio. Altsasuko alkateak aitortu du herriko enpresarien egoera “konplexua eta zaila” dela eta horrek langabezia tasa handiak eragiten dituela. Sakanak eta bere mendebaldeak zehazki duen langabezia arazoa azpimarratu du Ollok.

Altsasuko alkatearen iritziz, “ordezkari publikoak gure herriaren ekonomia garapenerako neurria ezartzera bultzatu behar gaitu”. Herriak bizi duen langabezia eta industria gabetze arazoei udalak Sakanako Mankomunitatearen eta, bereziki, Nafarroako Gobernuaren eskutik, aurre egin behar zaiola uste Ollok. Bestalde, alkateak enpresarien ordezkariekin maiztasunez elkartzeko prestutasuna azaldu du.


Zortzi proposamenak
1. Altsasuren irudia hobetzea. Herri dinamikoa, ez gatazkatsua, enpresa egitasmoak babesten duten erakundeak, prestatutako langileria, aukerak… Horretarako, jarduera zehatzak eta arduradunak dituen Altsasu, Sakana eta kanpora begirako komunikazio plana egitea proposatzen du.

2. Altsasurako Bultzada Plana. Altsasuk eskualdeko “hiriburu” figura berriro hartzea beharrezkoa da, “Sakanako garapenaren erreferente eta lokomotora izan behar du”. Altsasun jarduerei dinamizazioa eta bultzada emateko akzioak, kronograma eta aski aurrekontu izatea eskatu du.

3. Gizarte elkarrizketa. Administrazio, sindikatu eta enpresarien arteko komunikazio bideak ezarri, arazoak identifikatu eta erlazioak hobetzeko. Gatazkak konpondu eta ekimenak elkarrekin aurrera eramateko komunikazio bide bat zabalik izatea.

4. Lanbide Heziketa. Udalak ikastetxea indartzeko lan egitea, herritarrak bertan prestakuntza jasotzeko eta gazteak bertan gelditu ahal izateko. Horretarako, ikastetxeari baliabideak eman eta dagoen industria ehunari egokitu behar du. Bestetik, inguruko prestakuntza zentroekin akordioak lortu Altsasuko ikasleek euren praktikak edo lehen lanak Altsasun egin ahal izateko.

5. Dauden industrialdeen Hobekuntza Plana. Industria-eremuak hobetu eta egokitzeko plana zehaztu beharra dago. Lehentasunezkoa beharko luke, industrialdeen mantenua oso eskasa delako (kaleen mantenua eta garbiketa, espaloien konpontzea, lokalizazioa, argiztapena, isuriak…). Industria eremu berriak garatzeko egokitasuna aztertu. Eta egiturazko oztopoei konponbidea bilatu (argindarra, zuntz-optikoa…).

6. Altsasuko giza kapitalaren potentzialaren katalogoa. Enpresak segitu edo berriak ezartzeko langileen prestakuntza ezinbestekoa da. Altsasuko langileen gaitasunen katalogoak dauden potentzialitateak eta beharrak zein diren agerian utziko luke. Hala, horien berri eman eta atzemandako beharrei konponbidea jartzeko aukera legoke.

7. Lan taldeak sortu. Tokiko eta foru administrazioak eta gizarte eta ekonomia eragileak lan egin eta elkarlanean ariko diren taldeak sortu. Hiru egiteko lituzke: enpresa proiektu berriak erakartzea, ekintzaileak babesteko plana eta Nafarroako Gobernuaren aurrean interlokutorea izatea, konpromiso zehatzak lortzeko.

8. Administraziotik enpresak laguntzea. Administrazioarekin erlazio ona eta garaiz izateko, enpresariek askotan faltan sumatu dute babesa edo komunikazio kanal ireki bat izatea. Industriako teknikari mistoaren figura proposatu dute konponbide gisa. Hark bisiten bidez herriko enpresen berri luke, arretarako doako telefonoa… Arazoren bat lukeen Altsasuko enpresei laguntza emanen lieke. Bestetik, konpromiso zehatzak jasoko lituzkeen zerbitzu karta proposatu dute, enpresa jarduera abiarazteko lizentziak eta baimenak bideratzeko.