Emakumezkoen Futbol Eguna

Guaixe 2015ko aza. 27a, 11:44

Bihar, larunbatean, 10:00etatik aurrera Altsasuko Dantzaleku futbol zelaian. Altsasu-Ardoi partidaren ondoren, Nafarroako Selekzioak Athletic Club izango du aurkari

Asko kostata, azkenean aurten emakumezkoen futbol taldea sortzea lortu du Sociedad Deportiva Alsasua-Altsasu Kirol Elkarteak (SDA-AKE). SDAko futbol koordinatzaile Gorka Pascua da taldea entrenatzearen ardura duena, June Alzelaiarekin batera. 13 neskek osatzen dute taldea, guztiak Sakanakoak. “Taldea ateratzea kostatu zaigu baina lortu dugu. Liga hasi baino lehen jokatutako partidarik ez dugu galdu. Oso kontentu gaude” adierazi zigun Gorka Pascuak denboraldia hasi baino lehen.

Baina hasi da denboraldia. Emakumezkoen Futbol 8 mailan lehiatzen ari da Altsasu. Guztira 22 talde dira, 3 multzotan banatuta. Lehen multzoan dabil Altsasu, Beti Kozkor, Ardoi, Itaroa Huarte A, Oberena eta Gazte Berriak taldeekin batera. Egun Gazte Berriak da liderra (11 puntu), puntu batera Itaroa Huarte A eta bi puntura Altsasu dituela.

Altsasu-Ardoi eta Nafarroako selekzioa-Athletic Club
Emakumezkoen futbola sustatzen jarraitzeko bideari jarraituz, bihar, larunbatean, azaroaren 28an, SDAk Emakumezkoen Futbol Eguna ospatuko du. Eguna goizeko 10:00etan hasiko da, Emakumeen Futbol 8 mailako 7. jardunaldiko partida jokatuko baita. Altsasuk Ardoi taldea izango du aurkari.  

Ondoren, goi mailako futbol partida batez gozatzeko aukera izango da. Nafarroako 16 urtez azpiko emakumezkoen selekzioa Athletic B taldearen kontra ariko da, lagunarteko partidan. Talde horretan lehen mailan jokatzen duen jokalariren bat ere badago. “Horrela, goi mailako partida bat ikusteaz aparte, gure jokalariek jokalari handiak direnengatik ikasteko aukera izango dute” gaineratu du Pascuak. Partida berezia izango denez, herri guztia gonbidatu dute emakumeen futbol egunaz gozatzera. “Herritar guztiak egun horretan goza dezaten nahi dugu. Horregatik guztioi gonbidatu nahi zaituztegu partidetara bertaratzea, gure benetako asmoa emakumezkoen futbola gure herrian eta gure ibarrean sustatzea bait” nabarmendu du Pascuak.