Altsasuarretik duen Goya saria

Guaixe 2016ko ots. 12a, 10:12

Film labur dokumental onenaren Goya saria jaso duen Hijos de la Tierra lana sortzen aritu da Javier San Felipe Larrea altsasuarra

Espainiako Zinema Akademiak film labur dokumental onenaren Goya saria Hijos de la tierra lanari eman ziola jakinaraztean poz oihu bat entzun zen aretoan. Javier San Felipe Larrearena zen. Patxi Uriz Domezain eta Axel O’Mill Tubau zuzendariak saria jasotzera igo ziren, baina altsasuarra bere aparteko aulkian pozak ezin kabitu zegoen. San Felipek esan digunez, “Lanari, konstantziari eta ahaleginari emandako saria da”.  Aurretik, Madrilgo hotelera iristean halako gorakada izan zuten. “Lortutako helmuga zen. Baina irabaziko genuenaren sentipena genuen”. Sariak eguneroko lanean aurrera egiteko balio diela azaldu digu.

Altsasuarrak Uriz duela bospasei urtetik ezagutzen du. “Egunerokoan gertu gaude”. Orduan haren sorterriko, Garesko, belar-biltzaile bat eta Amazonia arteko lotura egin nahian zebilen zuzendaria. “Urizek hara bidaiak egiten zituen eta Navazonia izenburuko proiektua landu nahian zebilen”. San Felipek proiektuak 2011tik izan duen garapena gertutik ezagutu du. Azkenean, Hijos de la Tierra izenburua hartu zuen. San Felipek aurreratu digu lana Altsasun proiektatzen saiatuko dela.

Lanaz
Film labur horretan Brasilgo eta Mexikoko txamanen eta Ingalaterrako eta Bizkaiko druiden lekukotasunak jasotzen dira. Eta haiekin batera belar-biltzaileenak eta kimikarienak. San Felipek soinu teknikari lanak egin ditu eta Eunaten, Zugarramurdin, Urederran, Zeanurin (druida ordena baten zeremoniak duela bi urteko eguzki solstizioan) eta (Stonehengeondoan, Erresuma Batuan) soinu grabazioak egin zituen. Brasilera ezin izan zuen joan.

Zuzendariek lan horretan lurrak duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute, jendeak harekin duen harremana birplanteatzeko. Aurrera egiteko Amalurrera bueltatzea planteatzen du. “Ama bezala, baliatu eta errespetatu beharra dago”. Jendeak natura zaindu behar duela gaztigatu nahi dute zuzendariek, “jendeak argi izan dezala natura bizirik dagoen botika dela”. Naturaren jakituria ezagutzen duten pertsonei ahotsa emanda gainontzekoei naturarekiko balioak azaltzen dizkigute.

Sarean ikusgai
Trailerra hemen ikusi daiteke. 1,84 euro pagatuta film laburra helbide honetan ikusteko aukera dago.  

Javier San Felipe Larrea
Baluarten argiztapen lanak egiten ditu altsasuarrak. Soinu teknikaria eta argazkilaria ere bada. Dagoeneko 11 argazki erakusketa antolatu ditu eta Altsasun bere argazkiak erakustea nahiko luke. Bere lanak, bestalde, www.navarra360.com web orrian ikusgai ditu. 360 graduko argazkiekin Nafarroako txokoak ezagutarazten ditu.