Senior mailako emakumeen taldea izanen du Altsasuk

Guaixe 2016ko uzt. 27a, 13:52
2015-2016ko Futbol 8ko Altsasu emakumeen taldea.

Bi emakume talde izanen ditu Sociedad Deportiva Alsasuak: Futbol 8 mailakoa, kimuen eta haurren mailakoa, eta senior mailakoa

Emakumeen futbola sustatzeko lanetan beste aurrerapausu bat eman du Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA). 2015-2016 denboraldirako Futbol 8 mailako emakumeen taldea sortu zuen Altsasuk, kimuen eta haurren mailakoa, eta 2016-2017rako senior mailako taldea sortzea zen erronka. SDAko futbol koordinatzaile Gorka Paskuak adierazi digunez, helburua lortu da. “Taldea sortu da eta 2016-2017 denboraldirako Altsasuk Nafarroako emakumeen senior mailako ligan aritzeko izena eman dugu. Baina oraindik taldea ez dago itxita. Senior mailan jokatu nahi duen Sakanako edo inguruneko emakume orok du Altsasu taldean izena emateko aukera” nabarmendu du Paskuak.

Horrela, Altsasuk bi emakumezko talde izango ditu 2016-2017 denboraldirako. Senior mailako emakumeen taldeko entrenatzaileak Endika Mendinueta arbizuarra eta Asier Arregi lakuntzarra izango dira. Orain arte Gorka Paskuak berak zuzentzen duen Futbol 8 mailako emakumeen taldea, baina SDA-n ez dute zehaztu Paskuak lanbide horretan jarraituko duen edo beste entrenatzaileren batek hartuko duen ardura.

Agorrilaren 14an, Emakumezkoen Futbol Eguna
Azaroaren bukaeran egin zuten moduan, Sociedad Deportiva Alsasuak atzera ere Emakumezkoen Futbol Eguna antolatuko du, Nafarroako Futbol Federazioaren laguntzarekin. Goizean 3x3 Emakumezkoen Futbol Torneoa jokatuko da. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.
Eta, arratsalderako, puntako futbol partida antolatu dute. Emakumezkoen Osasuna taldea desegin ondoren sortutako Mulier taldeak, 2. mailakoa eta Nafarroako emakumezkoen futbol talde erreferenteak, Athletic taldea izango du aurkari.

Izena emateko
Altsasu emakumeen futbol taldeetan izena emateko Sociedad Deportiva Alsasuara jo edo 619 860 336 telefonora deitu (Gorka).