Liskarraz Kongresuan

Guaixe 2016ko urr. 19a, 11:10

Espainiako Kongresuko Barne Batzordeak Altsasuko liskarraren kontura instituzio-adierazpena onartu zuen. Testuak “gaitzespen handiena” adierazten dio Altsasuko taberna batean jazotako “eraso basatiari”. Guardia civilei babesa adierazi zieten. Aldi berean, “justifikaziorik gabeko eraso horren aurrean” Guardia Civilari “babesa eta elkartasuna” adierazten dio. Gaineratuz, gertaerek “sekula ezinen dute zigorgabe gelditu”.

Adierazpenaren alde PPk, PSOEk, Ciudadanosek, Podemosek eta EAJk bozkatu zuten. Partit Democrata Europeu Catala abstenitu egin zen. Kontrako botoa eman zuten EH Bilduk eta ERCk. EH Bilduk zalantzan jarri zuen testuaren legezkotasuna, batzordean adierazpenak aho batez onartu behar direlako.

Senatuan UPNko Patxi Yanguasek adierazpen bat sustatu zuen baina Unidos Podemosek, ERCk eta Partido Democrata Europeu Catala aurka azaldu ziren eta ez zen aurrera atera.