Marino Aierraren alabak hitzaldia emanen du

Guaixe 2016ko urr. 21a, 09:39
Marino Aierra Redin apaiza.

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Marino Aierra Argentinan. Izen buru hori du Teresa Aierrak emanen duen hitzaldia, Altsasu Memoriak antolatu duena. 1936ko estatu kolpearen ondoren Altsasun izandako errepresioaren lekuko zuzena izan zen Marino Aierra Redin apaiza. Berak idatzitako No me avergoncé del evangelio Altsasuko memoria historikoa dokumentatzeko ezinbesteko  liburua bihurtu da. Joan den urteko 60ko eta 70eko hamarkadetan ezkutuan iritsi ziren Altsasura.

Biografia
Marino Aierra Redin Irunberrin jaio zen, 1903ko maiatzaren 8an. Aierra 1928an apeztu zen. Karrera akaberan Ansoleaga saria jaso zuen eta teologian doktorea zen. San Adrianen eta Kasedan koadjutorea, seminarioan irakasle, Iruñeko San Nikolas parrokiako koadjutorea izan zen. Aierrak berak Olaetxea gotzainari Altsasura etortzeko bere burua eskaini zion. Aurreko apaizarekin arazoak zeuden eta herriaren “ezaugarri berezietarako” egokiagoa zen beste bategatik ordezkatzea egoki jotzen zelako. Aurreko apaiza Marino Aldabe zen, lodia izen-txikia zuena.



33 urte zituela, 1936ko garilaren 16an Altsasura iritsi zen, estatu kolpearen bezperan. Orduan ulertuko zituen Benito Santesteban jostunak sotana jasotzera joan zenean Altsasurako bidaia atzeratzeko egindako ohartarazpena: “egun horietarako kolpe handia prestatuta dago”.

Aierraren leloa honakoa zen: “altu pentsatu, sakon sentitu eta argi hitz egin". Egun haietan izan zuen jardunagatik, beti herritarren alde, kaputxinoek salatu eta agintariek ohartarazi zuten. Aierrak predikatzeko zuen era ez zuten gogoko. Kaputxinoen komentuan eliz-epaitegia eratu zuten, Asturiasko frontean atxilotutako altsasuar batzuen inguruko sermoia epaitzeko. Elizaren epaiak gero militarrek epaitzeko oinarria jarri zuten. Epai hartan apaizari karitatea eta barkamena gaien inguruan aldi baterako isiltasun zuhurra gomendatu zioten. Aierra zenbait egunez Aralarko monasteriora joan zen.

Altsasura, parrokiara lanera bueltatu zen. Gerrak aurrera segitzen zuen eta kolpistek hiri bat eskuratzen zuen bakoitzean altsasuar talde txiki batek manifestazioa egiten zuen. Haiek militarren komandantzia parean bukatzen ziren. Balkoian agintari zibil, militar eta elizakoak agertzen ziren. Azken hori ordezkatuz kaputxino bat izaten zen, herritarrei gorriei hartutakoaz eta erabateko garaipena gertu zeudela gaztigatuz sutsuki hitz egiten ziena.

Izan ziren basakerien kontra egon zen beti Aierra, etengabe salatzen zituen. Zenbaitetan hil aurretik presoekin egoteko aukera izan zuen. Beti haien sentipena eta pentsaera errespetatu zituen. Gerora argitaratuko zuen liburuan haiek pertsona duinak izan zirela nabarmendu zuen. Gertatzen ari zena izututa ikusten zuen apaiz bakarretakoa izan zen.

Estatu kolpeak irabazi eta hilabete gutxira, Altsasu guztiz elurtuta zegoen egun batean, Marinok Uruguaiko bidea hartu zuen. Jende asko joan zen agurtzera. Ez zuen frankismoko giro hura ulertzen. Falangea trabak jartzen saiatu zen.

Uruguain zela, 1940, sekulartu zen “Antzerkia utzi dut” idatziko zuen gerora. Apaizgoa uztean elizan batzuk Espainiara bueltan bidaltzeko mugimenduak egin zituzten. Baina Uruguaiko agintariek Aierra ile-apaintzaile lanean segitzen utzi zioten. Argentinara lekualdatu zen eta ile-apaintzaile ogibideaz aparte latin eta greko itzultzaile izan zen. Ezkondu eta bi alaba izan zituen.



Aierrak No me avergüenzo del Evangelio (1958, Ediciones Periplo) liburua argitaratu zuen. Aurreneko edizioa hainbat herrialdeetan eta hizkuntzatan argitaratu zen. Autobiografia horretan Aierrak 1936-1939ko gerran eliza katolikoak bizi izan zuen absurdoa eta eskizofrenia salatzen ditu, tragediari ekarpena egin eta zilegitasuna eman zielako. Salmentetan arrakasta izan zuen. Hiru edizio argitaratu zuen. Estatuan ezkutuan sartu zuten. Berriro berrargitaratu zuten: Malditos seáis! No me avergoncé del Evangelio (2002, Mintzoa).

2008an bere bizitzan oinarrituta Helena Tabernak Bizi ona filma egin zuen. Sorterrira bueltatu gabe, Marino Aierra Redin Buenos Aires probintziako Caguazú herrian hil zen, Argentina, 1988ko ilbeltzaren 11.