Perez eta Cid: "egiten ari direna ez da zuzena"

Guaixe 2016ko aza. 16a, 21:21
Eskubitik 4. Julia Cid eta 5. Juan Migel Perez Hurtado, aurreko bilkura batean.

Zinegotzi sozialistek euren izenean eta herriko taldearen babesarekin udalaren akordioaren alde egin dute.

PSNk Altsasun dituen bi zinegotziek gaurko bilkuran argitu dute euren izenean bozkatzen zutela eta ez alderdi sozialistaren izenean. Juan Migel Perez Hurtado bozeramaileak azaldu duenez, bozeramaileen batzordeak onartutako adierazpena babestu ondoren PSNk zuzendaritzak ezeztatu egin zuen. “Halakoekin ez daude ados. Ez dugu alderdia honetan nahasi nahi eta, horregatik, erabaki dugu botoa gure izenean ematea”.

Hartutako erabakiak ondorioak izanen dituen ez dakiela azaldu digu Perezek: “lurralde batzorde betearazleak baloratu beharko du. Jabetu behar dute Altsasuko familien onerako ari garela hau egiten”. Perezek nabarmendu duenez, “herri honetako zinegotzi gisa ardura dugu eta kontzienteki ari garela uste dugu”. Altsasuko talde sozialistaren babesa dutela gaineratu du zinegotziak. Plenoaren ondoren zinegotzi sozialistek senideen esker ona jaso dute. Besarkadaren bat ere izan da.