Auzipetutako gazteen gurasoak parlamentura joanen dira

Guaixe 2016ko aza. 28a, 20:59

Ostiralean, 12:30ean, euren iritzia emanen diete ganberan ordezkatuta dauden alderdiei.

Ferietako liskarragatik terrorismo delituagatik auzipetutako 11 gazte altsasuarren gurasoen ordezkaritza Nafarroako Parlamentuko lan saio batean izanen da. Harekin batera Altsasuarra eta harroko kideak ere izanen dira. Parlamentuan izanen den lan saio horretan bizi duten egoeraren berri emanen dute altsasuarrek. Lan saio eskaera gobernuari eusten dion laukoak proposatu du.

Hain zuzen ere lauko horretako ordezkariak larunbateko manifestazioan izan ziren Laurek ere neurriz kanpoko jotzen dute liskarra terrorismo gisa epaitzea. Manifestazioaren eskaerak atxilotuak askatzea eta auzia Nafarroan epaitzea izan ziren eskaera nagusiak. UPNko, PSNko eta PPko ordezkariek presentzia hori kritikatu dute. Erregionalisten bozeramaile Carlos Garcia Adanerok esan duenez, “Nafarroako Gobernuak manifestazioan parte hartzea ez da egokia, presoen askatasuna eskatzen zelako. Ez dirudi logikoa denik Nafarroako Gobernua eraso bat egon denean erasotzaileen alde egotea eta ez erasotuen alde”. Sozialisten eledun Ainhoa Unzuk gobernuko ordezkariak manifestazioan egotea kritikatu du.

Popularren Iparraldeko Batzordeko buru eta Etxarri Aranatzen zinegotzi den Juan Antonio Extremera Apeztegiari larunbatean Nafarroako Gobernuko eta Parlamentuko ordezkariak egoteak “mindu” egin zuen.  Larunbateko “kontzentrazioa lotsagarria eta gizarte demokratiko batean desegokia” dela gaineratu du. Extremerak gaineratu zuenez, “ez da ulergarria guztiok ordezkatzen gaituzten erakundeetatik, eta legea bete behar dela bermatu behar duenak, Justiziak ikertutako delitu baten ustezko arduradunak txalotzea ez da ulergarria”. Botere banaketari eraso egin zitzaiola uste du Extremerak.

Bestalde, Guardia Civilak “gure lurretan egunero egiten duen lan goraipagarria” aldarrikatu du. PPkoak gaineratu duenez, “Altsasuz ematen ari den irudia bidegabea da, “izan ere, altsasuar gehienak ustezko kriminalen babeserako babes ekimenekin ez dute bat egiten eta elkar bizitzako balio oinarrizkoak errespetatzen ditu”. Manifestaziora deitu zuten alkateendako ere izan du Extremerak: “emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren bezperan pertsona horiek emakume batzuen erasotzaileak defendatzeko elkartzea lotsagarria da”.