Greziako errefuxiatu eremuak ezagutu dituzten altsasuarren testigantzak

Guaixe 2016ko abe. 2a, 09:54

Gaur, 19:00etan, Iortia kultur gunean

Altsasuko Udaleko Ongizate Batzordeak Greziako Tesalonikan dauden errefuxiatu eremuen inguruko Just people dokumentala, emanen du gaur Iortia kultur gunean. Dokumentala Barañain errefuxiatuekin taldeko eta herri horretako bizilagun den Xabier Aierrak egin du. Agorrilean Greziako errefuxiatu eremuetan lanean izan zen Nafarroako suhiltzaileek antolatutako taldearen bidez. Han bizitakoarekin eta jasotako irudi eta testigantzekin ondu du dokumentala. Lanak kanpalekuetan dauden pertsonen egoera ikusarazi nahi du. Horretarako, errefuxiatuen eta boluntarioen testigantzak jaso ditu. Dokumentalaren emanaldiaren ondoren Greziako errefuxiatu eremuak bertatik bertara ezagutu dituzten hainbat altsasuarren arteko mahai-ingurua izanen da.