Eguberri zuhaitza gaur piztuko dute

Guaixe 2016ko abe. 2a, 14:19

Joan den urteko arrakastaren ondoren, aurten ere eguberri zuhaitzaren piztea eginen dute. Eguberritan argiztatuko den zuhaitza, ordea, beste bat izanen da: udaletxe parekoaren ordez Foru plazako intxaurrondoa. Argiztapena gaur, 20:00etan, mustuko du. Horrekin batera, nahi duen guztiarendako txokolate-jana izanen da. Aurten basoa euro erdian salduko dute eta jasotako diru guztia Mila Kolore elkartearendako izanen da, behar bereziak dituzten pertsonak biltzen dituen erakundearendako. Zozketak ere izanen dira. Xurrutek, Alde Zaharreko tabernarien elkarteak, pintxo potea eta bestelako sorpresak eskainiko ditu.

Bizi Altsasu lelopean eguberritarako egitarauaren aurreneko ekimena izanen da gaurkoa. Abenduaren 13an Azarokote kanpainako sariak, 40 urdaiazpiko, banatuko dira. Azkenik, abenduaren 30ean, eguerdi eta arratsaldez, haurrendako puzgarriak izanen dira. Altsasuko Dendarien Elkarteak, Xurrutek, Euskadiko Kutxak, Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak antolatu dute egitaraua.