Zazpi altsasuarretatik lau aske geldituko dira

Guaixe 2016ko abe. 20a, 15:36

Aratz Urrizola, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob aske geldituko dira, gainerakoek espetxean geldituko dira.

Ferietako liskarragatik auzipetutako 11 altsasuarrek gaur Carmen Lamela epailearen aurrean deklaratu dute, bideo konferentziaz, Iruñetik eta espetxeetatik. Epaile berak erabaki du Aratz Urrizola, Iñaki Abad, Julen Goikoetxea eta Jon Ander Cob fidantzarik gabe aske uztea. Arratsaldean utziko dituzte Soto del Real eta Alcala Meco espetxeak. Astean bitan epaitegira joan beharko dute, ezin izanen dute estatutik atera eta pasaportea eman beharko dute. Lamelak argudiatu duenez, etxebizitza finkoa dute eta ziurtatu daiteke epaitegian aurkeztuko direla. Instrukzio aldia aurki bukatu dela eta prozesatuta egotean ez dutela delitua errepikatzeko, ihes egiteko eta probak suntsitzeko arriskurik ikusten gaineratu du epaileak.

Preso segituko dute Adur Ramirez de Aldak, Oihan Arnanzek eta Jokin Unamunok. Haietaz Lamela epaileak dio: “aske geldituz gero ezin da ziurtatu biktimen ondasun juridikoen kontra atentatu edo bestelako delituak eginen ez dutenik”. Horretarako, hirurek liskarrean parte hartze aktiboa izan zutela deskribatzen du epaileak ebazpenean.

Argudioak
Salaketa administratiboak eta Herrira mugimendua legezko zenean presoen eskubideen aldeko jardueretan parte hartu izana argudiotzat hartzen du epaileak. Haietako batek erasoagatik dituen aurrekariak aipatu eta Ospa mugimenduko kide direla dioen Guardia Civilaren txostena du oinarri epaileak. Osparekin lotutako jardunak aipatzen dira, legezkoak guztiak ere. Haietako bat Indar Gorriren kontrako sarekada batean atxilotua izan zela ere gaineratu du. Txosten horietan jarduera politikoak zerrendatzen ditu eta epaileak ez dio erreparatu ez jarduerok legezkoak ziren, ez eta euretako batek bertan ez zuela parte hartu.
 
Hiruen polizia aurrekariei aipamena egin eta gero epaileak dio: “zerrendatutako gertakariengatik auzipetuei leporatzen zaizkienak gertakari isolatuak ez direla ondoriozta daiteke, baizik eta ohiko jarduna, antolatua eta beste pertsona batzuekin adostua, Guardia Civilaren kolektiboaren kontra egiteko”. Aurrekarien zerrendan, gutxienez, akats nabarmen bat dago, hiruetako bat, 16 urterekin, 2011n zinegotzi izan zela aipatzen baitu epaileak.

Ebazteko
Instrukzio epaileak zazpien espetxeratze aginduaren kontra helegitea jarri zuen defentsak. Haietako lau aske geldituko dira, baina helegitea Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor-arloko salako 4. sekzioak ebatzi behar du. Angela Murillo, Carmen Paloma Gonzalez eta Teresa Palacios epaileek osatzen duten epaimahaiak erabakiko dute Ramirez de Aldak, Arnanzek eta Unamunok preso segitu beharko duten. Auzipetutako beste bi gazte bi astean behin epaitegitik pasatzen dira eta pasaporterik ez dute. Beste bien auziaren ardura, berriz, adin txikikoen epaitegiaren esku dago.