Iortiako abonamenduak, hilabete bukaera arte eskura

Guaixe 2017ko urt. 19a, 18:05
Nafarroako Trikitixa Jaialdiarekin Iortiako areto nagusia bete egin zen.

Altsasuko Udaleko Kultura Zerbitzuak neguko programazioa iragartzearekin batera, bere eskaintzaz merkeago gozatzeko aukera eskaini du: abonamenduak. Bi abonamendu dira, helduendako eta familiarteko abonamendua. Iortiako eskaintzarekin helduendako abonamendu pare bat eskaintzen ditu Kultura Zerbitzuak. Alde batetik, lau antzezlan (Misterios del Quijote, Francoren bilobari gutuna, Happy End eta Fuera de juego) eta zinema sarrera bat 40 euroren truke eskuratu daitezke. 8 euroko aurrezpena. Beste helduen abonamenduak lau antzezlanetatik hiru aukeran eta zinema sarrera bat 30 eurotan lor daitezke. Aurreztea 2 edo 8 eurokoa izan daiteke, aukeraketaren arabera.

Bestetik, familiarteko abonamenduan ere bi eskaintza daude. Peter Punk antzezlaneko sarrera eta bi zinema emanaldirako sarrerak 8 eurotan eskuratu daitezke. 3 euroko aurrezpena. Bigarren aukera antzezlana eta hiru zinema emanaldiko sarrerek osatzen dute. 10 eurotan eskuratu daiteke abonamendu hori, 4,5 euro aurrezteko aukera izanik.