Eroetxeko iraultzaren antzezpena

Guaixe 2017ko urt. 27a, 12:20

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean Soy la revolución antzezlana taularatuko du Aimara antzerki taldeak. Sarrerako dirua Altsasukoak Aske eta Mila Kolore taldeendako izanen da.

Frantziako iraultzaren ondorena,1808ko garilaren 13a. Sadeko markesa psikiatriko batean dute, Charentonen. Han dagoela gaixoekin iraultza garaian, 1793an, kokatutako antzezlan bat prestatzea erabakitzen du Sadek. Antzezlana iraultzako lider Jean Paul Maraten hilketarekin bukatzen da. Psikiatrikoko gaixoak dira aktoreak, obra jokatzen ari direla zaindariak ordena jartzera sartuko dira. Osasun-etxeko zuzendariak, emaztearekin eta alabarekin batera, antzezlana gainbegiratzen du. Napoleon I.aren zalea, antzezlana bere ideia abertzaleekin bat eginen duela uste du. Baina bestelakoa da gaixoen asmoa.

Sade da aktore nagusia eta Marat-ekin batera hainbat hizketaldi filosofiko izanen ditu. Aurrenak bere nihilismoa eta indibidualismoa erakutsiko ditu, baita sadismoa ere. Parean, Maratek kolektibismoa eta gutxien dutenen aldeko kezka azalduko du; iraultza traizionatu dutenen kontra jo eta herriak hura defendatzera deituko du. Iraultzaren lekuko eta biktimen arteko eztabaidak historia-gertakaria gainditzen du eta pertsonen gai unibertsalak eta eternoak aztertzen dituzte. Iraultza lidergoaz, sexualitateaz eta indarkeriaz hausnarketa proposatzen duen obra da.

Antzerkia antzerki barruan
Horixe da Aimara antzerki taldeak eskainiko duena Soy la revolución antzezlanarekin. Peter Weis-en Marat-Sade antzezlanean oinarritutako muntaia egin du Amurrioko talde amateurrak. Hainbat sari jasotako antzezlan horrek antzerki modernoaren hainbat joeraren sintesia da: epikoa, absurdoa eta krudeltasunarena.

Aimara Teatro 1996an sortu zen, Amurrioko Aurreraka emakume taldearen baitan; hiru urte geroago harengandik bereizi zen. Javier Liñera zuzendariaren gidaritzapean egindako antzezlanagatik Aimara antzerki taldeak muntaia onenaren saria lortu zuen Rivas Vaciamadrid Antzerki Amateur XIX. Jaialdian 2014an. Gainera, Raul Garciak aktore onenaren izendapena jaso zuen.

Elkartasun zikloa
Tarima Beltza antzerki taldeak joan den urtean beste erkidegoetako antzerki taldeekin trukeak egiten hasi zen. Castro Urdialesen, Abadiñon eta Amurrion antzeztu dute. Hangoak Altsasura etorri diren bakoitzean sarreran lortutako dirua beharra duen erakunderen bati ematea erabaki du Tarima Beltzak. Elkartasun zikloa 2016an abiatu zuten eta lortutako dirua Josefina Arregi klinikarendako izan zen. Biharko emanalditik lortzen dena Altsasukoak Aske eta Mila Kolore taldeendako izanen da. Aurkezpenean azken talde horretako ordezkariak izan ziren.

Juan Manuel Galartza: Mila Kolore elkarteko kidea

Zer da Mila Kolore?
Laguntasuna behar duten neska-mutiko, jende, batzuk. 14 dira, 16-50 urte artekoak. Badago jendea hor lan egiteko prest. Lana asko eta ongi egiten duen jendea dago.

Laguntasuna haiei eta familiei, ezta?
Guri ordu batzuk lasai egoteko eta beraiek oso gustura etortzen dira eta disfrutatu egiten dute.

Zer egiten dute disfrutatzeko?
Aktibitate pila bat egiten dituzte: sukaldaritza, kirola, eskulanak… Mila gauza. Arbizu, Etxarri, Altsasuko boluntario talde batekin egiten dituzte. Gazteak denak. Batzuk horretan atera nahi dutenak ofizioa, beste batzuk…  euren orduak neska-mutiko hauekin ematen dituztenak.

Eta neska-mutikoak, gustura dabiltza?
Talde bat eginik daude, denak ezagunak, eta oso-oso gustura ari dira.

Eta familiak?
Gusturago. Haiek oso gustura pasatzen dute. Erlojuari begira egoten dira Mila Kolorera joateko.

Bakarren batek Mila Kolorerekin harremanetan jarri nahi badu, zer egin behar du?
Facebook-en badugu orria. Bestela, Altsasuko ludotekan elkartzen gara.