Iruñeko epailea liskarrarena Madrilen instruitu behar den berraztertzen ari da

Guaixe 2017ko ots. 3a, 09:46

Ilbeltzaren 20tik Iruñeko 3. instrukzio epaile, Maria Paz Benito, Altsasuko gazteen defentsak aurkeztutako apelazio eta erreforma helegiteei erantzuna emateko lanean ari da. Izan ere, epaile horrek hasi zuen ferietako liskarraren auziaren instrukzioa, baina azaroaren 8an inhibitu eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen, “terrorismo delitua” zelakoan. Defentsaren helegiteei azaroaren 22an erantzun zien halakorik aurkezterik ez zutela. Baina Nafarroako Lurralde Auzitegiko lehen aretoak defentsako abokatuen kexa helegitea onartu du.

Horrek auzia Iruñera ekartzeko aukera bat zabaldu du. Auzipetuen gurasoen eta Nafarroako Parlamentuko talde gehienen eskaeretako bat hain zuzen ere. Amaia Izko abokatuak esan duenez, “epaileak terrorismo delitua den esateko zantzurik ikusten duen esan beharko du”. Auzitegien eskumenen inguruan ebatzi beharko du eta juridikoki arrazoitu zein epaitegiri dagokion auzia epaitzea, Iruñekoari edo Madrilgoari. Liskarra “terrorismo delitu” dela ebazten badu, horren kontra goragoko epaitegi batean helegitea aurkezteko aukera luke defentsak. Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko prentsa bulegotik jakinarazi digutenez, epaileak ebazpena noiz emanen duen esatea zaila da, baina hilabete baino lehen izan daitekeela aipatu dute.