Gol eskas baten aldearekin galdu zuen Altsasuk

Guaixe 2017ko ots. 6a, 13:25

Erregional maila. 16. jardunaldia: San Jorge 4 – Altsasu 3

San Jorgeren eta Altsasuren arteko partida eguraldiak baldintzatu zuen erabat. Nolanahi ere, bi taldeak parez pare aritu ziren baina San Jorge izan zen aurreratu egin zena. Altsasuk berehala berdindu zuen, Joni esker, eta handik gutxira 1 eta 2 aurreratu ziren altsasuarrak Josebak sartutako golarekin. Baina atsedenaldia baino lehen bina berdindu zuen San Jorgek.

Bigarren zatia hasi eta bost minutura hirugarren gola sartu zuen San Jorgek eta partidak bere horretan jarraitu zuen, 70. minutuan San Jorgekoek laugarren gola sartu arte, penaltiz. Baina Altsasuko Josebak hirugarren gola sartu zuen, penaltiz, eta altsasuarrak berriro partidan sartu ziren. Tamalez, ez zen gehiagorako tarterik izan eta punturik gabe itzuli ziren altsasuarrak Iruñetik.

San Jorge da, hain zuzen ere, erregional mailako lehen multzoko liderra (39 puntu). Altsasu seigarrena da, 18 punturekin. Asteburuan 17 punturekin zazpigarrena eta euren arerio zuzena den Salesianos taldea hartuko dute altsasuarrek Dantzalekun. Ea puntuak etxean geratzen diren.