Finalerdietan erori zen Naiara Diezen Gernika

Guaixe 2017ko ots. 13a, 09:35

Erreginaren Kopako final laurdenetan irabazi eta gero, Perfumerias Avenidaren kontrako finalerdietan 48 eta 72 galdu zuen Gernika Lointek Bizkaiak

Erreginaren Kopa Gernikara ekartzeko ametsa ezin izan da gauzatu. Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarraren Gernika Lointek Bizkaia taldea finalerdietan erori zen, gerora finala irabazi zuen Perfumerias Avenida taldearen kontra ezin izan baitzen gailendu (48 eta 72).

Dena dela, Erreginaren Kopa ongi hasi zen Gernikako taldearendako. Ostiralean, final laurdenetan, Al Qázeres taldea izan zuten aurkari gernikarrek eta, sekulako partidan, Naiara Diez kapitainaren taldea finalerdietarako sailkatu zen, 66 eta 54 irabazi eta gero. “Oso partida lehiatua izan da. Bi taldeek ongi ezagutzen dugu elkar eta partida goitik behera prestatu dugu. Bigarren zatian egin dugun defentsa partida irabazteko giltzarria izan da eta baita Al-Qázares 54 puntutan uztea, gure batezbestekoaren barruan” azaldu zuen Naiara Diez kapitain alsasuarrak.  

Larunbatean gernikarrek Salamancako Perfumerias Avenida zuten zain, talde ahaltsua. Izan ere Perfumerias Avenida da Liga Femeninako liderra eta Euroligako talde indartsua. Nahiz eta Erreginaren Koparako prestatuak egon, Gernika Lointek taldeak hasiberrien akats batzuk egin zituen hasieran, errebotearen ondorengo pasean baloiak galtzea eta beste. Gernikakoak ez ziren fin ibili. Saiatu ziren, baina, azkenean, ezinezkoa izan zen eta 48 eta 72 irabazi zuen Perfumerias Avenidak, finalerako sailkatuz. Txalotzekoa izan zen Gernikako zaleen jarrera. Nahiz eta galtzen joan, behin eta berriz animatu zuten bere taldea. Kiroltasuna, edozerren gainetik. Eta Gernikako jokalariek bihotzez eskertu zuten euren zaleek emandako babesa. “Itzuliko gara, volveremos oe, oe, oe...” kantatu zuten zaleek. Hori da asmoa.