Ginesa Lopez Cid: “Oso pozik nago korrika egiten hasi izanagatik”

Maider Betelu Ganboa 2017ko ots. 17a, 08:58

Maider Betelu Ganboa.

1.Noiz hasi zinen korrika?
Betidanik egin izan dut kirola. Saskibaloian eta taekwondoan aritu nintzen eta korrika egiten nuen, baina aurreko kirolen osagarri moduan. Txikitan atletismoan apuntatu nintzen Daniel Ziordia zenak animatuta, baina pistetan aspertu egiten nintzen. Duela lau urte aipatu zidaten Mankomunitateak Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola antolatzen zuela; ikasturte berria hastera itxaron nuen, izena eman nuen eta ordutik daramat korrikan.

2.Eta zer moduz Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolan?
Oso gustura, gozamena da. Ez du zerikusirik bakarrik edo jendearekin batera korrika egiteak. Hobeto taldean. Eskolan pistan teknika lantzen dugu. Irakasleek korrika egiteko teknikak irakasten dizkigute: saltatzekoa, igotzekoa, jaistekoa… eta Dantzalekuko pisten ondoan baso ikusgarria dugu eta bertatik ateratzen gara entrenatzera.
Atletismo Eskolan 18 emakumerendako tokia zegoen, baina jende gehiagok azaldu zuen interesa. Horrela, aurten bi talde gaude: hasi berrien taldea eta esperientzia gehiago dugunona. Mikel Lakuntzak urte batzuk eman ditu gu entrenatzen eta aurten Aitor Mozo hasi da. Biak primerako irakasleak dira. Asko nabaritzen da pertsona batek dakienean, erakusten duenean eta gustuko duenean. Ostiraletan biltzen gara.

3.Nola hasi zinen lasterketetan parte hartzen?
Atletismo eskolako taldean lasterketetan aritzen zen jendea bazegoen. Eskolako bigarren urtean probatzera animatu nintzen. Lehendabiziko lasterketa Donostiako Lilatoia izan zen. Mary eta Haizearekin joan nintzen, taldean gindoazen eta beraiek izugarri korritzen zuten. Atzean geratu nintzen eta non sartu naiz? pentsatu nuen. Baina gutxinaka giroan sartzen zara, maila hobea hartzen duzu, lagunen erritmoari eusten diozu, hobeto sentitzen zara eta hobeto zoazela sentitzen duzu. Horrela, udaberri aldera Sakanako lasterketetan aritzera animatu nintzen.

4.Etxeko probetan aritzea polita da, ezta?
Polita batetik, eta logikoa, bestetik. Kanpoko lasterketetara joateko urrutira mugitzen gara eta nola ez dugu gure herriko probetan parte hartuko? Korrika egiten dugun emakumeak bagaude Sakanan. Emakume askori kosta egiten zaie lasterketetara ateratzea, lotsa ematen die, baina talde batean korrikan ikusten bagaituzte edo atletismo eskolara goazela badakite, igual animatzen dira.

5.Atletismo eskolako taldekideek ere lagun taldea sortu duzue, ezta?
Bai. Nahiz eta askok gure artean bistaz ezagutu, ez genuen gure artean hitz egiten eta orain lagun talde polita sortu dugu. Whattsap taldea sortu dugu eta elkarrekin korrika egitera joateko geratzen gara.

6.Argi dago emakumeen atletismo eskolak atletismoa sustatu duela.
Argi eta garbi. Lehen bakoitza gure kasa ibiltzen ginen. Korrika egitea ez da zaila, baina klaseetara joatea interesgarria da teknikak ikasten dituzulako. Gora igotzerakoan nola zapatu, jaisterakoan nola… sekretu horiek ikasten dituzu. Zailena erritmoa eta arnasketa eramatea da, sudurretik arnastu eta airea ahotik bota. Zure erritmo propioa aurkitzea, finean. Guztiz gomendagarria da eskolan izena ematea.

7.Hortik mendi lasterketetan aritzera pasa zineten.
Gure taldera etortzen zen Iruñeko neska batek esan zigun Iruñean emakume talde bat elkarrekin geratzen zela mendira korrika egitera joateko. Bertara joaten hasi ginen baina pentsatu genuen: nola joango gara Iruñera mendira korrika egitera gure inguruan ditugun mendi ederrekin? Horrela, gutxinaka taldea sortu genuen. Dantzaleku-Sakanako Peio Bergararekin eta Mikel Goikoetxearekin igandero goizean geratzen gara eta mendira joaten gara korrika egitera. Ibilbideak erakusten dizkigute. Nahi duen guztia etorri daiteke, talde irekia da. Kirolaren munduan sartzen zarenean zure gorputza gehiago zaintzen duzu eta kirola egitera engantxatzen zara.

8.Zer moduz mendi lasterketetan?
Oso ongi. Mendi lasterketak politagoak dira niretako, ez dute zerikusirik. Mendi ikusgarrietara igotzen zara, eta teknika ona baduzu jaitsiera gozamena da. Hiru mendi lasterketatan aritu nintzen eta asko gustatu zitzaizkidan, Olaztikoa bereziki. Aurten ere aritzeko asmoa dut. 20 urte gutxiago banitu gehiago egingo nituzke. Baina lana, familia… lasterketa batera prestatua joan behar duzu, eta ez dut apenas astirik. Asteburutan entrenatzen dut, eta astean hirutan, lanera goizez noanean.

9.Dantzaleku Sakanako juntako ardura nagusiak hartu dituzue.
Berriki 10 emakume egin gara Dantzaleku Sakana atletismo klubeko bazkide. Egun 176 bazkide gara. Izugarri lagundu digute, nola ez ginen bazkide egingo? Eta juntan sartu gara. Marijo Arza presidentea da, ni diruzaina, Leire idazkaria, Jone eta Maite bokalak… Ilusio handiarekin gaude. Orain artekoek urte asko daramatzate lanean eta arnas pixka bat eman nahi diegu, lanak konpartitu eta ideia berriak eskaini. Junta batean sartzea beti ona da, talde batean dagoena jakin gabe, ezin duzulako kritikatu. Kritika konstruktiboak egin behar dira, baina horretarako dagoenaz jakitun izan behar duzu eta juntan sartzen ez bazara ez dakizu.

10.2016ko Sakanako Atletismo Kopa irabazi duzu. Zorionak!
Eskerrik asko! Sakanan jokatutako probetako bostek puntuatzen zuten. Ni ez naiz azkarrena izan, konstanteena baizik. Puntuak pilatzen hasi nintzen, proba guztietan aritu nintzen eta, azkenean, lehendabizikoa geratu nintzen. Proba hauetan aritu diren korrikalari sakandar guztiak zoriondu nahi ditut, 54 gizon eta 15 emakume, Sakanako Atletismo Kopa ospatzea ahalbideratzen dutelako. Kopa lortzea nire lana eta esfortzua kostatu zait, ez bainaiz gaztetxo bat. Adina nabaritzen da, errekuperatzerakoan batez ere, eta mendiko lasterketetan bereziki. Honek guztiak duela 20 urte harrapatuko banindu… Baina ez naiz damutzen. Oso pozik nago korrika egiten hasi izanagatik.

11. Igandean, 12:00etan, Dantzalekun, XXXII. Altsasuko krosa antolatu duzue. Korritzera animatuko gara?
Bai, zalantzarik gabe. Altsasuko krosa ikusgarria da. Dantzalekun, Usolarrainen… ibilbide paregabea du, ederra. Asko azkar joango dira baina garrantzitsuena hastea eta bukatzea da, norbera bere erritmoan. Bi distantzia daudenez, 8 km eta 4 km, oso proba herrikoia izango da. Parte hartzera animatzen zaituztet!