Lezeetatik inauterirako saltoaren irudi bidezko azalpena

Guaixe 2017ko ots. 17a, 09:30

Gaur, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Beatriz De la Vega Salinasek Adarrak dantzan dokumental laburra aurkeztuko du gaur. Altsasuko momotxorroa lezeetako xamanetatik etortzen den hipotesia lantzen du film labur horretan zuzendariak: “gizonaren eta animaliaren arteko fusioa boterea eskuratzeko da. Munduko kultura guztietan dagoen fenomenoa da, ez soilik hemengoa. Baina baita hemen ere. Horrek pozten nau: momotxorroa zerbait unibertsala da. Mundu guztian dago eta historia-aurretik heldu da. Zentzu bat du. Hemen folklorean gelditu da. Horretaz ikertzen hasten zarenean xamanismoa mundu guztian dagoela jabetzen zara. Aspalditik”.

10 minutuko iraupena du film laburrak. Bi bertsio egin ditu, bata Urdiaingo euskaran eta bestea gaztelaniaz. Gaur bi filmak, bata bestearen atzetik emanen dira. Ondoren, Guillermo Piquero historialariak Minotauroa, labirintoa eta euskara hartuko ditu hizpide. De la Vegak lan honen inguruko esperientziaz hitz eginen du. Eta edozein zalantza argitzeko prest izanen dira.

 

Beatriz De la Vega Salinas
Zuzendaria

Zer da Adarrak dantzan?
Adarrak hitzaren zentzu bikoitzarekin jokatzen du, animalienak eta zuhaitzenak. Gai nagusia inauteria den metamorfosia da, gauza batzuk besteetan bihurtzea. Momotxorroa zer den ongi azaltzen zuela iruditzen zitzaidan, nolabait dantza egiten duten adarrak baitira. Baita naturaren mugimendua.

Nondik inauteriarekiko kezka hori?
Prestatzen urteak daramatzadan proiektu luzeago baten zatia da hau. Historiaurreko artea, errituak, sorginkeria, xamanismoa edo nahi bezala deitu, horren inguruko proiektua da. Dokumentatu naiz. Kantabrian Del Castillo lezea bisitatzen ikusi nuen bazela estalagmita bat, zeinari argia proiektatuz gero paretan zutik dagoen bisonte baten irudia ikus daitekeen. Altsasuko momotxorroaz gogoratu nintzen. Iltzatuta gelditu zitzaidan.

Bueltan momotxorroari eta erdi animalia, erdi pertsona diren pertsonaiei buruzko informazioa bilatzen hasi nintzen. Ez nuen ezer opatu ez mitologian ez inon. Bat-batean Txema Hornillaren Zamalzain el Chamán y los Magos del Carnaval Vasco (1988, Txertoa) liburuarekin topo egin nuen. Ez dut lortu harekin hitz egitea. Baina bere hipotesia da inauteriak xamanen errituen arrastoak direla. Han dutela jatorria. Nik hori nuen buruan. Baina ez naiz antropologoa. Nere burutazioa zen. Beste norbait honen inguruko teoria ematea behar nuen.

Oinarri bila?
Bai. Joseph Cambell irakurria nuen. Horretaz asko hitz egiten du. Baina bertako norbait behar nuen, euskal herri inauteriarena. Hornillak eman zidan oinarria.

Noiz filmatu zenituen inauteriak?
Joan den urtean. Astearte inauterian. Egunez natura grabatu genuen (zuhaitzak, ibaiak, azienda…) eta gauez ihotea. Altsasuko ferietan plano batzuk grabatu nituen. Kamara lagun bati hots egin nion, Carles Gusiri: goazen Altsasuko momotxorroen plano batzuk grabatzera. Dokumental hori nuen buruan, egitea luze joko duena. Euria eta errodajearen gogortasuna gorabehera, uste baino plano gehiago lortu genituen. Orduan, Altsasuko herri inauteriari buruzko dokumental labur bat egiteko adina dago hemen, pentsatu nuen. Aurrerago proiektuarekin segituko dut.

Herri inauteriarekin ez nuen ohiko bideo-klipa egin nahi. Ez nuen horretara mugatu nahi. Aurrekonturik ere ez nuen teoria hau guztia 50-60 minututan garatzeko. Tarteko zerbait egitea erabaki nuen. Altsasuko astearte ihotearen irudiekin besteari buruzko informazioa ematen hasiko naiz: batzuei momotxorroaren irudia nondik etor daitekeen azaltzea.

Andorra atzean, Pirinioan, Hiru Anaien Lezea dago, Frantzian. Han animaliekin dantzan dauden sorgin edo belagileak daude, txirula edo musika arkuak jotzen. Aspaldi ezagutzen nuen eta nahiko kezkatzen ninduen. Kartelean koba horretako irudia agertzen da. Lezeetako arduradunek irudiak eskaini zizkidaten, oso jatorrak. Jose Mari Morcillok horiek birsortu ditu. Kartela eta lehen plano batzuk egin ditu, teoria martxan jartzen dutenak: momotxorroaren pertsonaia lezeetatik heldu da, duela 15.000 urtekoa dela; lezeetako paretetan dantzan, xaman erritualetan dauden belagile horiek dira. Film laburrean barna sarbide-errituak kontatzen goaz: naturaren esnatzea, eraldaketa, gizonaren eta animaliaren arteko fusioa… Esperientzia, mistikoak, erlijiosoak, nahi bezala hots egin.

Noiz hasi zinen dokumentatzen?
Duela hamar urte. Iruñeko liburutegira joan eta gaiari buruzko liburuak hartzen nituen. Dokumentala filmatzen hasi behar ginenean haurdun gelditu nintzen eta gelditu nuen. Baina ideiarekin segitzen dut.

Dokumental luzean hipotesi bera landuko duzu?
Gai zabalagoa izanen da. Lezeetara jaitsieraz arituko da. Ez ziren bizitoki hutsak. Halako erritualak egiten ziren tokiak ere baziren. Ez da inauterian zentratuta egonen.

Lan horrek datarik badu?
Ez. Hiru ordu laurdeneko edo ordu bateko gidoi bat sortzea lan luzea da. Informazioa jasoa dut. Gidoia eraiki behar dut orain eta, ondoren, finantzazioa bilatzera.

Ez da aurreneko aldia Urdiaingo euskara erabiltzen duzuna.
Hala da. Sarabe film laburrarekin egin nuen, duela 17 urte. Han bizi naiz eta amona handik heldu da. Euskara bat aukeratzerakoan gertukoena Urdiaingoa da.

Ikus-entzunezkoetara zure buelta da hau?
Bai. Baina, inoiz ez dut utzi. Gauza txikiak egin izan ditut. Arte- eta zuzendaritza-laguntzaile izan naiz. Zerbait egiteko gogoa nuen eta hau aukera zen. Argazki-zuzendariak konfiantza handia eman zidan. Makina bat film ezagunetan lan egin du. Acción Mutante filmean elkar ezagutu genuen. Etortzera animatu zen eta ni ere egitera animatu nintzen. Mustu ondoren jaialdietara aurkeztuko dut dokumentala.

Bertako laguntzaileak
Animazioa/Diseinua: Jose Mari Morcillo, Morkots.
Muntaia laguntzailea: Boti.
Kamera: Ana Barandiaran.
Iluminazioa: Arantza Flores.
Musika: Juan Mari Beltran eta Danbolin Zar.
Nahasketak eta soinua: Itxura.
Urdiainerara itzulpena: Gorka Flores.
Off-eko ahotsa: Maider Jaka.