XXXII. Altsasuko Krossa igandean

Guaixe 2017ko ots. 17a, 14:42

Dantzalekun jokatuko da, 12:00etan hasita. Altsasukoak Aske ekimenaren aldekoa izango da eta bi distantzia egiteko aukera izango da: 4 km eta 8 km

2013ko ilbeltzean jokatu zen azkeneko Altsasuko Krosa, 31. edizioa izan zena. Ordutik jokatu gabe egon eta gero, kirol proba berreskuratu da eta igandean, otsailaren 19an XXII. Altsasuko Krosa jokatuko da, Dantzalekun, 12:00etan. Altsasukoak Aske ekimenaren alde antolatu da herri krosa, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Sakana Triatloi Taldeak antolatuta. Proba ahalik eta herrikoiena izateko, bi distantziaren artean aukeratu ahalko dute korrikalariek: 4 km edo 8 km. Bi distantzietako lehendabiziko hiru korrikalariek saria jasoko dute.

Izena ematea zabalik
XXXII. Altsasuko Krosean korrikalari federatuek eta federatu gabekoek hartu ahalko dute parte, baina federatu gabekoek aurretik eman behar dute izena, antolakuntzak egunerako asegurua eta beste xehetasun batzuk behar bezala lotu ahal izateko. Aurretik izena emateko www.kirolprobak.com web gunera edo www.dantzalekusakana.com web guneetara jo behar da, otsailaren 17ko 20:00ak baino lehen. Triatloian, mendian edo atletismoan federatuta dauden korrikalariek igandean, probaren egunean bertan eman ahalko dute izena.
Izena ematea 10 eurokoa izango da eta bildutako diru guztia Altsasukoak Aske ekimenera bideratuko da.

Altsasukoak Aske ekimenaren alde
“Lau urte antolatu gabe egon eta gero, aurten Altsasuko krosa berreskuratu nahi izan dugu, bultzada bat eman nahi izan diogu, ia jendea animatzen den. Bide batez, Altsasukoak Aske ekimenaren atzean, egoera gogor horretan dauden gazteei eta euren senitartekoei laguntza eman nahi izan diegu eta asmo horrekin antolatu dugu lasterketa hau. Izan ere, ateratzen den diru guztia Altsasukoak aske ekimenarendako bideratuko da” azaldu dute Dantzaleku Sakana atletismo klubetik.

Antolakuntzak 2 km-ko zirkuitua antolatu du Dantzalekuko eta Usolarraingo paraje zoragarrietan barna. Proba laburrekoek (4 km) bi buelta emango dizkiote zirkuituari eta proba luzekoek, aldiz, lau itzuli (8 km). “Paraje zoragarrietatik pasatzen da proba eta bertatik korrika egitea gozamena da. Aurretik kros hau jokatu izan denean Nafarroako puntako korrikalariak etorri izan dira, baina edizio honetan, aipatutako laguntza hori bulkatu nahian, krosa herrikoiagoari ere atea ireki nahi izan diogu. Inguru hau oso polita da, erakargarria eta hemen korrika egitea ederra da” nabarmendu dute Dantzaleku Sakanakoek.

Igandean Dantzalekura hurbiltzeko deia
Dantzalekun karpa bat jarriko dute, Dantzalekura hurbiltzen direnek pintxo bat eta zer edo zer hartzeko aukera izan dezaten, eta bildutakoa Altsasukoak Aske laguntzera bideratuko da. “Kirola, festa, ingurua, goiza pasatzeko modu polit bat izango da igandekoa. Altsasuko herri krosean parte hartzera animatzen zaituztegu” gonbidatu dute Dantzaleku Sakanatik.