Alusti Testari aitortza

Guaixe 2017ko mar. 3a, 10:05
Juan Jose Calvo Agirre eta Iosu Alustiza Navarro Bilbon.

Josefina Arregi klinikan garatutako lanak Bilboko Psikogeriatria Kongresu Nazionalean bere sailean poster onenaren saria jaso du.

Iosu Alustiza Navarro, Josefina Altsasuko klinikako fisioterapeuta, eta Juan Jose Calvo Agirre geriatra Alusti Testa garatzen ari dira. Pertsonen gaitasun fisiko eta funtzionala baloratzeko balio duen eskala bat sortu dute. Asteburuan Bilbon izan dira, Deustuko Unibertsitatean izan den Psikogeriatriako Espainiako Sozietatearen 23. nazio kongresuan. Alusti Testaren laburpena aurkeztu zuten Alustizak eta Calvok, 123 pazienteren inguruko ikerketa. Epaileen aurrean euren lana defendatu eta poster onenaren saria jaso zuten.

Alustizak sariaren balioa nabarmendu du: “epaimahaiko denak psikiatrak ziren eta gure lana aukeratzea poztasun handia da. Haiek burua dute kontuan eta gurea fisikoarekin zerikusia duen lana da”. Josefina Arregiko fisioterapeutak esan digunez, aitortzak “ordezkarien eta laborategien ateak zabaltzen lagunduko digu”. Hurrengo hitzordua Galizian dute, geriatriako nazio kongresuan, garagarrilean. Han lan osatuago bat aurkeztuko dute, 300 pazienterengan oinarrituta. Alustizak esan digunez, gero eta jende gehiagok galdetzen dio sortutako eskalaren inguruan.