guaixe.eus

Ibai Jimenez: "Bahrain taldea oso ezberdina da. Leku askotako jendea dago"

  Kirola  Altsasu

Bahrain-Merida taldeko masajista.

1. Noiz eta nola hasi zinen txirrindularitzaren munduan?
Orain dela urte asko hasi nintzen mundu honetan. Guztiok bezala hasi nintzen pedalei ematen, eta gero masajista moduan sartu nintzen.

2. Zein adinera arte segitu duzu lehiaketetan parte hartzen?
Txirrindularitza, pedalei emateari dagokionez, 17 urterekin utzi nuen. Azkenean, mundu hau asko gustatzen zait eta ez naiz hortik atera. Hemen sartuta jarraitzen dut.

3. Nola iritsi zara Bahrain Merida taldean sartzera?
Urte asko daramatzat masajista moduan. Caja Rural-en hasi nintzen, 2012an. Gero Euskaltel-en sartu nintzen eta hor Ion Izagirre txirrindulari ormaiztegiarra ezagutu nuen. Hortik aurrera, masajeak ematen nizkion eta gustatzen zitzaion nola egiten nuen lan. Horrela, sartu naiz Bahrain taldean.

4. Zein da zure egitekoa talde berriaren barruan?
Gauza asko dauzkagu. Goizean goiz esnatzen gara, 7:00ak aldera. Masajista, mekaniko eta zuzendari guztiekin gosaltzen dugu. Egunaren nondik norakoei buruz hitz egiten dugu eta bidoiak, hozkailuak eta zuzkidura guztia prestatzen hasten gara. Gero, karrera baino lehen berotzeko masajea ematen diegu. Lasterketa bukatzean hotelera joaten gara eta hor masajea berriz ere. Maila psikologikoa ere lantzen dugu. Egun osoa hor sartuta ematen dugu eta denetarik egiten dugu: garbigailua jarri, eta abar.

5. Zerk bultzatu zintuen masajista bihurtzera?
Mundu hau asko gustatzen zitzaidan eta ikastaroak egiten hasi nintzen. Banekien masajistak beharrezkoak zirela, baina hori azkeneko kontua da. Ez gara masajistak soilik.

6. Desberdintasun handirik al dago lasterketaren aurreko eta ondorengo masajeen artean?
Bai. Gauza asko landu behar dira. Lasterketa bukatzen duzunean gorputza bero-bero dago. Izotza jarri behar tenperatura jaisteko. Dena ondo landu behar da. Lasterketa baino lehenago egiten direnak pixka bat berotzeko egiten dira. Ondorengoak, ordea, ordubete edo ordu eta erdi inguru irauten du. Orain, taldean Indiba-ko makina batekin lanean ari gara masajeak emateko. Ionek eskatu zuen eta, gainera, lana errazten digu.

7. Ion Izagirre ormaiztegiarraren konfiantzazko gizona izanen zara. Nola ezagutu zenuten elkar?
Euskaltelen ezagutu ginen. Urtean zehar masajeak ematen nizkion, baita bere anaia Gorka Izagirreri ere. Gorka Ziordian bizi da eta Ion Agurainen. Beti niregana etortzen dira masajeak hartzeko eta konfiantza horrek ekipo batean sartzea errazten dizu. Niri, horregatik, hots egin zidan, konfiantzazko masajista bat behar zuelako eta bakarrik ez sentitzeko.

8. Nolakoa da egunerokotasuna talde profesional baten barruan?
Gauza asko ikusten dira. Caja Rural talde txikia zen. Euskaltel-en oso ondo egon ginen, familia bezala. Barhain-en, aldiz, leku askotako jendea dago: esloveniarrak, italiarrak, kroaziarrak, eta abar. Lana ongi egiten da, jende asko dagoelako. Baina oso desberdina da. Dena oso ongi aztertzen da eta zerbait eskatzen baduzu ematen dizute, baina lasterketetan tentsio puntu bat dago, dena ondo atera behar baita.

9. Etapa batean, non egon behar da masajista bat?
Orain Paris-Niza egitera goaz. Lau masajista eta zortzi txirrindulari joanen gara. Bakoitzak bere lanak egiten ditu. Masajista bat autobusarekin joaten da eta hasierak eta helmugak egiten ditu. Bitartean, besteok beste kotxe batzuetan egoten gara, zuzkidura eta ura emateko.

10. Talde berriarekin txapelketarik izan duzue dagoeneko?
Bai. Abenduan hasi ginen eta denok ezagutzeko kontzentrazio bat izan genuen, Kroazian. Gero, Benidorm-en egon ginen ia hilabete osoz. Eta orain dela aste bat Murtzia, Almeria eta Andaluzia aldetik egon nintzen lasterketak egiten. Urtea hasi da eta ez gara etxean geldituko.

11. Zein da denboraldi honetarako egutegia? Ze itzulitan egonen zarete?
Ia itzuli guztietan egonen gara. Nire egutegiak Ionek eginen duenarekin dauka zerikusia, baina beraz aparte egun batzuk eginen ditut. Andaluzia, Paris-Niza, Katalunia, Lieja-Bastogne-Lieja, Romandia, Tour-a prestatzeko kontzentrazioa eta ondoren Tourra. Hortik aurrera oraindik ez dakigu zer eginen dugun. Ionek jendea nahi du bere ondoan. Liderra da, Nibaliren atzetik. Egunak pasatzeko eta berarekin hitz egiteko ni bezalako jendea behar du. Oso pozik nago berarekin urte osoa ematearren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak