Satrustegira begirako aurrekontua

Guaixe 2016ko uzt. 29a, 09:27
Arakildarrak Itsasperri ermitaren inguruan elkartu ziren astelehenean.

Arakilgo Udalak aurten 795.822 euroko aurrekontua izanen du. “Hori Satrustegin egin behar dugun lanagatik da. Orain lanak egiteko finantziazioaren zain gaude”, azaldu digu Gregorio Santesteban Nuñez alkateak. Izan ere, Toki Administrazio Departamentuak emanen diren diru-laguntzaren kopurua ez die zehaztu. “Lanak aurten hasi behar ditugu, baina ez dugu bukatzeko epe-mugarik”. Urte askoren ondoren Satrustegiko kaleak eta sareak konponduko dituzte. Izurdiagako trenbide-pasako lanak baliatuz, udalak herriko ur sarea berritu du (92.000 euro). Herriko saihesbidea egin ondoren egungo errepidea Izurdiagako kale bihurtuko da eta haren espaloiak eta beste dira egiteko falta direnak.

Sei hilabetez, lastaila bitartean Arakilgo udalak obretarako hiru peoi eta palarekin eta traktorearekin aritzeko beste langile bat kontratatu ditu. Horretara udalak 59.500 euro bideratu ditu. Kontzejuetatik eskatutako lanak egiten ari dira. Udaletxean arkitektura oztopoak kentzeko igogailua jartzeko asmoa dute (85.000 euro). Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuaren atean diru-laguntza eske jo du. “Tokiko inbertsioetarako lauko urteko plan berria egin nahi dute. Jaso dituzten eskaeren arabera premiak zehaztuko dituzte orain. Gobernuak zenbat diru eta noiz emanen digun zehaztu arte ez dugu lan hori eginen, Satrustegiko lanarekin gastuetan sartuko garelako”.

Aixita eta bide sarea
Gaztelua bisitariendako egokitzeko lanak egin dituzte aurreko urteetan. Udazkena hasierarako seinaleztapena eta azalpen panelak jarrita egonen direla aurreratu digu alkateak. Esku-orriren bat ere eginen da. 10.000 euroko diru saila aurreikusi dute horretarako. Axitarako bidea Etxeberritik abiatzen da. Bide hori Arakilgo bide-sarearen adar bat da. Bide sare hori 2015ean Biaizpe eta Egiarreta artean egina zegoen. Joan den urtean Hiriberriraino zabaldu zuten (6.841 euro, Can fundazioaren 3.900 euroko diru-laguntza) eta aurten Irañetaraino zabaldu du Arakilgo Udalak (10.000 euro). Santestebanek jakinarazi digunez, asmoa ibarra inguratuko duen oinezkoendako ibilbide borobila egitea da. Beraz, ibarraren hegoaldetik, barga aldetik doan bidea egokitzea faltako litzateke. Iturraskarriren bidez, heldu diren urteetarako lana izanen da hori.

Beste inbertsioak    Euroak
Kontzejuendako         35.000
Kultura                      20.000
Galdara berria            10.000
Ibilgailu berria              8.000
Katastroa mantentzeko 6.500