Satrustegiko lanei aurki berrekinen zaie

Guaixe 2017ko ots. 3a, 09:28
Obrarako materiala dagoeneko herrian dago.

Udalaren aurrekontuko inbertsio handiena da, udaletxeko igogailuarekin batera.

Arakilgo Udalak 1.257.122 euroko aurrekontua izanen du aurten. Udalak aurten eginen duen inbertsio nagusia Satrustegiko sareen eta zoladuraren berritzea izanen da. Nafarroako Gobernuari bizpahirutan lanen premiazko izaera eskatu ondoren, Arakilgo Udalak baiezkoa jaso zuen eta inbertsioaren erdia inguru foru administrazioaren laguntzarekin pagatuko du udalak. 200.000 euroko mailegua eskatzeko asmoa zuen udalak. Baina kopuru hori txikitu daiteke lanak ematerakoan Construcciones Valeriano Santesteban enpresak aurreikusitakoa baino %24 merkeago eginen dituela jakinarazi baitu, 560.000 euro inguru. Enpresak abenduan aurreneko lan batzuk egin zituen, eta aste batzuetako etenaren ondoren, aurki berrekinen die.

Arakilgo udaletxeko igogailua jartzeko ere foru administrazioaren %70eko laguntza jaso du udalak. 89.258,45 euroko inbertsioa egin behar da. Arakilgo udaletxean igogailua kanpotik jarriko da, erabilera publikoa eta udaletxekoa uztartzeko aukera emanez. Udaletxearen zehar-aldean jarriko dute. Horrela, Aralar kalean dagoen aparkalekutik osasun etxera, udaletxeko sarrerara igotzeko aukera izanen du edozeinek, baita Arakilgo udaletxean gora eta behera ibiltzeko aukera izanen da. Irurtzungo Udalak aukera egokia zela uste du eta hitzarmen bidez, baimena emanen du.

Hirigintza plana
Nafarroako Gobernuak 2014ko garagarrilean jarrera aldatu zuen arte, Arakilgo Udalaren hirigintza plana geldi egon zen. Gobernutik planean Abiadura Handiko Trenaren egitasmoa jasoa egon behar zela zioten eta Arakilgo Udalak horri uko egin zion. Zazpi urtez, ez atzera, ez aurrera. Arakilgo Udalak  aurreikusitako plana moldatu egin behar izan du, etxebizitzen eraikuntza 600dik 300era jaitsiz. Lurraldearen Okupazio Estrategia eta Eredua zehaztu zuen 2014ean. Baina zazpi urte horietan legedia aldatu egin da. Udalean parte-hartze prozesua egitea aurreikusia zuten eta legeak orain horretara behartzen du. Arakildarrekin batetik eta industriako eta abeltzaintzako sektoreetako  ordezkariekin bestetik, bilera monografikoak egin asmo du udalak. Udaberrian izanen da hori. Urtea despeditzerako hirigintza plana despeditu nahiko lukete. Plana egiteak 72.000 euro inguru balio du eta %70 gobernuaren diru-laguntzarekin ordainduko da.

Kontratazioak
Arakilgo Udalak joan den urtean ibarreko hiru langabetu kontratatu zituen Nafar Lansareren laguntzarekin. Eta, Irurtzun aldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen babestu enplegurako beste pertsona bat ere. Udalean aurten ere kontratazioak egiteko asmoa dute, urte erdiko iraupenekoak izanen lirateke, baina kontratu kopurua oraindik ez dago zehaztuta.

Mankomunitatearen Iturraskarri programan ariko diren langileen zereginetako bat Arakilgo bideen sarearen mantenua izaten da. Sare horrek, iparraldetik, Irañeta eta Etxeberri lotzen ditu. Orain hegoaldetik abiatuko dira, ibilbide sare borobila osatu asmoz. Udalak 6.000 euro inguru bideratuko ditu horretarako.