San Juanetan, 4x4 triala

Guaixe 2014ko eka. 28a, 10:51
Sakana 4x4k antolatuta, bihar, larunbatean, 16:00etan Arbizuko industrialdean

Sakana 4x4 taldeak Arbizuko San Juanetan ez du hutsik egiten. Biharko, larunbaterako, 4x4 trial proba antolatu dute. Sakana 4x4ko Jose Luis Lakuntza “Risitas” arbizuarrak adierazi digunez, Arbizuko industrialdean traba, zulo eta oztopoz betetako 5 gune prestatu dituzte. “15-17 auto arituko dira. Lehendabiziko norabide batean pasatu beharko dituzte 5 guneak, eta denbora ematen badu, gero bestean”. Proba 16:00etan hasi eta 19:00etarako bukatzea espero dute.

Autoen azkartasuna baino gehiago, egiten dituzten maniobrak saritzen ditu trialak. “Pilotuek ahalik eta maniobra gutxien egin beharko dituzte 5 guneak pasatzeko eta ahalik eta atzerako martxa gutxien egin. 5 guneak maniobra gutxien egiten pasatzen dituena izango da txapelduna” gaineratu digu Sakana 4x4ko kideak. Izan ere, pilotuaren trebetasuna da baloratzen dena, autoa nola mugitzen duen, aldapak nola igotzen dituen eta bihurguneak nola hartzen dituen.

Pilotu sakandarrak
Arituko diren pilotuen artean sakandarrak izango ditugu. Josu Lizarraga urdiaindarra izango da lehiatuko den pilotuetako bat, Migel Angel Lizarraga dorrobarrarekin batera. Horretaz gain, Jon dorrobarrak debutatu egingo du. “Nik ere ateratzea espero dut. Ea posible den” adierazi digu Risitasek. Bukaeran guztiak afaltzera bilduko dira Baxerrin. Antolatzaileek proba ikustera animatu dituzte sakandarrak. Jakina, ikuskizuna ez da faltako.