Joseba Ezkurdia pilotari arbizuarrak zita inportantea du astelehenean Iruñean: sanferminetako lau t´erdiko finala. Arbizuarrak oraindik ez daki nor izango du arerio, Aimar Olaizola edo Mikel Idoate. Asteburuan jokatuko dute finalerdia. “Bietako edozeinen kontra zaila izango dut, biak ala biak sekulako pilotariak direlako. Olaizolaren kontra aritzea borobila litzateke, miresten dudan pilotaria delako, baina ez zait inporta bera edo Mikel Idoate izatea. Hori bai, nahiz eta finala konplikatua izan, ederra izango da” adierazi du Ezkurdiak Diario de Noticiasen.
Uztailaren 7an, San Fermin egunean jokatzen da sanferminetako lau t´erdiko finala, eguerdian, eta oso berezia izaten da. “Labriten egun ederrenetakoa izaten da lau sanferminetako lau t´erdia. Partida ongi prestatu nahi dut eta ahalik eta lasaien egon nahi dut, guztia eman eta egun horretan egoten den giro bikainaz gozatzeko. Esperientzia hori gozatu nahi dut, apartekoa izango delako” gaineratu du arbizuarrak.
Bestalde, sanferminetako Binakakoan Barriolarekin osatuko du bikoa Ezkurdiak. “Abelek asko erakutsi dit. Berarekin jokatzea gozamena da, azken urteetako atzelaririk onenetakoa delako. Oso pozik nago berarekin ariko naizelako” onartu du Ezkurdiak. Arbizuarrak Bersaluze II.a-Beroiz eta Xala-Rezusta ikusten ditu bikote indartsuenak. “Beti daude aukerak baina oso zaila dugula badakigu. Ni berria naiz eta tentsio handia izaten da torneo hauetan. Baina ahalik eta hobekien aritzea eta Abeli laguntzea saiatuko naiz. Disfrutatzera aterako gara, eta irabazten badugu, askoz hobe” nabarmendu du.