Sanferminetako lau t´erdia jokatuko dute eguerdian Ezkurdiak eta Olaizolak

Guaixe 2014ko uzt. 7a, 09:14
Aimar da faboritoa baina arbizuarrak sorpresa eman nahi du. ETB1ek zuzenean eskainiko du partida

Gaur, San Fermin egunean, sanferminetako lau t´erdiko torneoaren finala jokatuko da, 11:30ean Labriten hasiko den jaialdian. ETB1-ek zuzenean eskainiko du jaialdia. Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Aimar Olaizola txapeldun handiak jokatuko dute finala, sanferminetako kuttunena izaten dena. "Labriten egun ederrenetakoa izaten da sanferminetako lau t´erdiko finala eta ongi prestatu nahi dut, dudan guztia emateko eta egun horretan egoten den giro bikainaz disfrutatzeko" adierazi zuen Ezkurdiak aurreko astean.

Arbizuarrari berdin zitzaion finala Idoateren edo Olaizolaren kontra jokatzea, baina onartu zuenez "Olaizolaren kontra aritzea borobila litzateke, miresten dudan pilotaria delako". Larunbateko finalerdian Goizuetakoa gailendu zen eta hortaz bere kontra lehiatuko da Ezkurdia.

Olaizola txapela janzteko hautagai nagusiena da -dagoeneko hiru aldiz jantzi du sanferminetako lau t´erdietako txapela–, baina arbizuarrak sorpresa eman nahi du. Gogoratu behar da, gainera, lau t´erdiko txapelketa nagusian Olaizolaren kontra ezustea emateko zorian egon zela Ezkurdia. Ea, gaurkoan, helburua lortu eta arbizuarrak txapela janzten duen.