Txapela ia ukitu zuen Ezkurdiak, baina Aimarrek jantzi zuen

Guaixe 2014ko uzt. 8a, 09:09
Nahiz eta Ezkurdia 2-7 aurreratu, goizuetarrak irabazi du sanferminetako lau t´erdiko txapela (22-11). Hala ere, partida ikusgarria jokatu zuen arbizuarrak

Labrit pilotalekua beteta eta sekulako giroarekin jokatu zen sanferminetako lau t´erdiko finala. Joseba Ezkurdia eta Aimar Olaizola txalo zaparrada artean atera ziren kantxara. Hasieratik apustuak Olaizolaren aldekoak izan ziren, baina goizuetarrak lan handia egin behar izan zuen txapela janzteko. Izan ere, sekulako gogoekin eta oso fin atera zen kantxara Ezkurdia. Pilotazaleen gozamenerako bikain aritu zen, eta lehen txanpan jaun eta jabe izan zen, 2-7 aurreratuz. Txapela janzteko aukerak bazituela uste zuen arbizuarrak, eta lehen txanpa horretan nagusi izan zen. Deseroso ibili zen, aldiz, Olaizola.

Tamalez, horrenbeste lanarekin lortutakoa desegin zuen Aimarrek. Takada batean zazpira berdindu zuen goizuetarrak, eta nahiz eta Ezkurdia 7-9 aurreratu, beste bolada batean 11-9 aurreratu zen Olaizola. Ezkurdiak eutsi zuen, 12-11, baina lehia oso estuan tantoak bata bestearen atzetik egin zituen Aimarrek, 10 jarraian eta, bukaeran, 22-11 irabazi zuen. Laugarren txapela jantzi zuen baina asko kostatako garaipena izan zen Olaizolarena, Ezkurdia bikain aritu zelako.