Olaetxearekin galdu eta gero, Bengoetxearen kontra irabaztera derrigortuta dago Ezkurdia

Guaixe 2014ko urr. 27a, 08:32

Lau t´erdiko final erdietara sailkatzeko aukerak izateko, Oinatz Bengoetxearen kontra irabazi beharrean dago Joseba Ezkurdia

Lau T´erdiko Txapelketako final laurdenetako ligaxka sorpresaz beteta hasi da. Tartean, Joseba Ezkurdiaren kontra garaipen sendoa lortu zuen Mikel Olaetxeak. Asteburu honetan ligaxkako bigarren jardunaldia dago jokoan. Aimar Olaizolaren kontra galtzetik datorren Oinatz Bengoetxea izango du arerio Ezkurdiak. Final erdietara sailkatzeko aukerak izateko irabaztera behartuta daude biak, eta arbizuarraren eta leitzarraren arteko lehia estua eta oso lehiatua aurreikusten da, final kutsua duten horietakoa.

Ostiralean Elizondon jokatutako Olaetxearen eta Ezkurdiaren arteko lehian Ezkurdia zen faborito. Baina txapelketa honetan Mikel Olaetxea lortzen ari dena ikustekoa da. Lemuno, Jaunarena eta Barriola irabazi ondoren sailkatu zen final laurdenetako ligaxkara, eta lehendabiziko jardunaldian Joseba Ezkurdia hartu zuen menpean, 22-13.

Joseba Ezkurdiak hartu zuen aurrea partida hasieran. 8-11ko errenta hartu zuen arbizuarrak. Baina Olaetxea markagailuari buelta emateko gai izan zen, eta lau t´erdian orain arteko partida bikainena eginez, Ezkurdiaren gainetik pasa zen, arbizuarra 22-13 menpean hartuz. Ezkurdiak pilotari ematen dion abiadura eta indarra ez ziren nahikoak izan, eta Olaetxeak tamaina hartu zion arbizuarrari. Aldiz, gipuzkoarraren jokoari erantzun ezinik ibili zen Ezkurdia. Olaetxeari guztia atera zitzaion ongi.

Asteburuan ligaxkako 2. jardunaldia dago jokoan. Aimar Olaizolaren kontra galtzetik datorren Oinatz Bengoetxearen kontra jokatuko du Joseba Ezkurdiak larunbatean Etxebarrin. Final erdietara sailkatzeko aukerak izateko bi pilotariak irabazi beharrean daude, eta lehia izugarria espero da Etxebarrin.