Arbizuko 19. Duatloiaren txanda

Guaixe 2015ko mar. 27a, 19:24

Arbizuko 19. Duatloia jokatuko da bihar, 16:00etan, nobedadeekin. Goizean, 10:15ean, Arbizuko III. Haur Duatloia jokatuko da, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria

Arbizuko udalak Arbizuko 19. Duatloia antolatu du biharko, larunbaterako. Proba antolatzeko Udalak Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Arbizu Kirol Elkartearen, Aralar Txirrindularitza Taldearen eta hainbat enpresa eta komertzioren laguntza izan du, kintoen eta herritarren babesarekin batera. Proba Nafarroako Txapelketarako eta Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria da.

Ekitaldia astelehenean aurkeztu zuten Arbizuko kirol zinegotzi Juantxu Zabalak, Arbizuko Kirol Taldeko Xabier Maizak eta Mankomunitateko kirol teknikari eta Sakana Triatloi Taldeko kide Amaia Gerrikagoitiak. “Arbizukoa 19. Duatloia da eta goizaldean 19. Korrika pasako da. Kasualitate ederra. Proba antolatzeko 35 babesleren laguntza izan dugu eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu” adierazi zuen Zabalak.

Helburuak: Arbizu, euskara, kirola eta birziklapena bulkatzea
Duatloiarekin ondoko helburuak lortu nahi dituzte. Batetik, Arbizu eta Sakana ezagutaraztea. “Probak jende asko ekartzen du eta kirol-turismo moduan planteatzen dugu. Goizetik etorriko da jendea txikienen probetara, Nafarroatik, Gipuzkoatik… eta Errioxatik ere, eta egun osoko egonaldia eginen dute. Gainera, sarietan Arbizuko produktuak banatuko ditugu” azaldu zuen Zabalak. Beste helburu bat euskara bulkatzea da. “Arbizun euskaraz bizi gara eta probako euskarri guztiak euskaraz daude. Nafarroako Triatloi Federazioak epaile euskalduna ekarriko du Arbizura hirugarrenez. Oraindik aurrerapausoak eman daitezke baina bide onetik goaz” gaineratu zuen kirol zinegotziak. Kirola bulkatzea da beste xede bat, jendearen parte-hartzea bulkatzea, sakandarrena bereziki. “Txikien probarako Sakanako Triatloi Taldekoez gain, arbizuarren talde bat prestatzen ari gara eta helduen proban ere sakandarrak ariko dira” nabarmendu zuen Zabalak. Eta zaborrik ez sortzea da azkena. “Aurreko urteetako materiala erabiliko dugu, dortsalak eta beste birziklagarriak direlako eta aurreko urtean duatleta guztiek dortsalak entregatu zituztelako. 0 zabor sortzea, guztia berrerabiltzea da gure nahia” gaineratu zuten.  

Goizean haurrak
Nobedade moduan goizean III. Haur Duatloia jokatuko da, Nafar Kirol Jokoetarako baliagarria. Aurrebenjaminak (12:15ean, 240 m korrikan, 900 m bizikletan eta 125 m korrikan), benjaminak (10:35ean, 400 m korrikan, 1.800 m bizikletan eta 240 m korrikan), kimuak (11:10ean, 875 m korrikan, 3.910 m bizikletan eta 475 m korrikan) eta haurrak (11:40ean, 1.475 m korrikan, 7.700 m bizikletan eta 800 m korrikan) lehiatuko dira, 5-14 urte bitarteko neska-mutikoak, aurreko urtean baino ordu erdi lehenago, 10:15ean hasita, Arbizuko herri gunean prestatutako zirkuituan. “100-125 neska-mutiko espero ditugu, horietatik asko Sakana Triatloi Taldekoak eta arbizuarrak. Gauzak ondo, 12:30erako proba bukatzea espero dugu” diote antolatzaileek.

Proba nagusia: betikoa, herrikoia edo erreleboka
Aurtengo nobedadeak proba nagusiari eragiten diote. Batetik, betiko ibilbidea izango da, 8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan. “Ibilbidean ez dugu aldaketarik egingo, duatletek oso gustukoa dutelako. Ibilbide gogorra da. Lizarragako Katea igo behar da bitan, eta haizeak jotzen badu oso gogorra izaten da” adierazi digute antolatzaileek. Baina askorendako luze egiten da ibilbide hori, eta aurten proba herrikoia prestatu dute,  ibilbide bera izango duena baina distantzia erdia, 4 km korrikan, 16 km bizikletan eta 2 km korrikan. “Ibilbide hau kadeteek eta proba herrikoian parte hartu nahi dutenek osatuko dute, proba nagusia handi geratzen zaienei. Segurtasunagatik hartu dugu erabaki hau. Proba nagusian korteak sartuko ditugu, hau da, epe zehatza egongo da sektore bakoitza osatzeko. Epe horiek betetzen ez dituztenak deskalifikatuko dira. Muga horietan sartzen ez direnendako antolatu dugu proba herrikoia” azaldu dute antolatzaileek.

Horretaz gain, Arbizuko duatloia erreleboka egiteko aukera ere egongo da, hau da, batek korrika eta besteak bizikletaz egiteko aukera. Bikoteak mistoak ere izan ahal dira. “Lehen aldiz plazaratu dugu aukera hau. Paraduatletek ere badute proban parte hartzeko aukera, baina momentuz ez da inor apuntatu” adierazi dute antolatzaileek.

Nahiz eta modalitate ezberdina aukeratu –ohiko proba, herrikoia edo erreleboka–, guztiak batera aterako dira. Aurten, nobedade moduan, emakumeak 16:00etan abiatuko dira eta gizonezkoak 16:03an. Antolakuntza errazteko, modalitate bakoitzean aritzen diren duatletek dortsal kolore ezberdina izango dute.

No drafting
Txirrindula proban duatletek ezingo dute aurreko edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Hau da, ezin da draftinga egin edo besteek egindako lanaz aprobetxatu. Aurrean doan txirrindularia 7-10 metrora izan beharko dute parte-hartzaileek, eta alboan dutena gutxienez metro batera. Distantziak betetzen ez dituztenek 2 minutuko zigorra jasoko dute.

Zirkuitua
Arbizuko 19. Duatloiko irteera plaza parean izanen da. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro osatuz (proba herrikoiekoek eta kadeteek buelta bakarra). Ondoren, boxetan bizikleta hartu eta 32 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera igo eta Etxarritik barna Arbizura heltzeko lana bitan eginez (proba herrikoiekoek eta kadeteek buelta bakarra). Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote korrikan, 4 kilometro eginez (proba herrikoiekoek eta kadeteek erdia).

Boxak Kale Nagusian egonen dira, ikusleek trantsizioak gertutik ikus ditzaten. Udaletxetik eskoletara arteko eremua hesituko dute, eta espaloiak libre utziko dituzte. Eskola pareko espaloia duatletendako izanen da, bertatik boxetara sartzeko, eta beste espaloia zabalik egonen da ikusleendako.

Arbizura Etxarritik eta Lakuntzatik sartzeko deia
Segurtasuna bermatzea da antolatzaileen kezkarik handiena. “Ostiral arratsaldean boxak prestatzen hasiko gara eta kale Nagusian ezingo da aparkatu. Eta larunbatean goizetik haurren proba antolatuko dugunez, zirkuitua pasatzen den tartea, herri gunea, itxi eginen dugu. Trafikoa itxita egonen da. Hortaz, proba jarraitzera datozenei eta autoan ibili behar diren herritarrei esan nahi diegu ez daitezela autobiako Arbizuko irteeratik etorri, bidea itxita izanen dutelako. Sar daitezela Etxarritik edo Lakuntzatik. Kiroldegian eta trenbideko bidean aparkalekuak prestatu ditugu” nabarmendu zuen Zabalak. Bidegurutze guztietan egonen diren bolondresei “kasu egiteko” eskatu zuen zinegotziak.  

Egungo duatleta onenak
Dagoeneko 90 duatletek eman dute izena proba nagusian eta 70ek haurren proban. Antolakuntzak haurren proban 100-125 duatleta espero ditu eta 100 duatleta proba nagusian. Asteburu honetan beste proba batzuk jokatuko dira, Durangoko duatloia eta Espainiako Duatloi Txapelketa Avilesen, eta horregatik parte-hartzea ez da aurreko urtekoa bezala izango, 2014an Arbizukoaz gain ez baitzegoen beste probarik. “Aurreko urteko irabazle Raul Amatriain eta beste Avilesen egonen dira, baina duatleta bikainak hurbilduko dira Arbizura eta, hortaz, inoiz baino irekiagoa izanen da proba. Jakina, sakandarrak ere lehian ariko dira” adierazi dute.

Izena ematea ostegun gauean itxi zen. Guaixeko erredakzioa ixteko unean 122 zeuden izena emanda haurren probarako eta 121 proba nagusirako.  

Sariak eta auzatea
Proba bukatuta sari banaketa eginen da Arbizuko plazan, eta ondoren, auzatea izanen da Aldabide elkartean, Arbizuko produktuekin. “Parte-hartzaileek izugarri eskertzen dute” nabarmendu du Zabalak. Probako antolakuntza lanetan pertsona ugari ariko dira, Arbizu Kirol Elkartekoak, Aralar Txirrindulari Elkartekoak, arbizuarrak, eta baita Lakuntza, Etxarri Aranatz eta Ihabar herrietako laguntzaileak ere. “Oso eskertuta gaude” gaineratu zuten antolatzaileek. Bukatzeko, proban parte hartzeko eta proba jarraitzera Arbizura hurbiltzeko deia egin dute.

Sari arbizuarrak
Lehenengo gizonak eta emakumeak 150 euro eta txapela jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro. Horretaz gain, 23 urtez azpiko, junior mailako, beterano mailako, proba herrikoiko, erreleboetako eta paratrialetetako lehen gizonek eta emakumeek Arbizuko produktuen loteak jasoko dituzte Arbizu, Laket eta Floresen eskutik. Lehen sakandarrek afari edo bazkaria jasoko dute, bi pertsonarendako. Gainera, sakandarren artean Etxarri Aranazko Xalok zentroan esfortzu proba zozketatuko da. Bestalde, lehen arbizuarrak bi pertsonarendako bazkaria edo afaria jasoko du opari. Horretaz gain parte-hartzaile guztien artean asteburu bateko egonaldia zozketatuko da Arbizuko eko kanpineko bungalow batean eta 2 pertsonarendako gau bateko egonaldia Olatzea hotelean.

Informazioa
www.arbizu.info eta www.navarratriatlon.com.