Ezkurdia lau t´erdian

Guaixe 2015ko ira. 30a, 09:17
Ezkurdia eta Arretxek larunbatean jokatuko dute

Arretxe II.aren kontra ariko da larunbatean Tolosan (18:00etan, ETB1)

Asteartean aurkeztu zuten, Karlos Argiñanoren Hotelean, urteko azken txapelketa: lau t´erdia. Bitxikeri moduan, txapelketan ariko diren pilotari guztiak aurrelariak dira. Aurten, beraz, ez da atzelaririk egongo. Eta ordezkari sakandar bakarra izango dugu: Joseba Ezkurdia.

16 pilotari ariko dira txapelketan, 8 enpresa bakoitzeko. Iazko sistema bera izango du: final-laurdenetako ligaxka eta kanporaketa bidezko finalerdiak. Finala azaroaren 29an jokatuko da. Pilotariek hartu beharreko atsedenaldiaren inguruan aldaketak daude. Telebistaz emaniko partidetan hiru minutuko bi etenaldi egingo dira aurretik doan pilotaria 12. Eta 18. Tantoetara iristean. Telebistek eta enpresen irudi eskubideak kudeatzen dituen enpresaren eskaera bat da, iragarkiak sartzeko. Horrela, telebistaz eskainitako partidetan pilotariek lau atsedenaldi eskatu ahal izango dituzte, eta telbistarik gabekoetan, aldiz, bost. Iritzi ezberdinak izan ziren erabaki honen inguruan.

Pilotariei dagokienez, final hamaseirenetan Arretxe II.a, Ezkurdia, Jaunarena, Victor, Olaetxea, Irribarria, Aritz Lasa eta Elezkano II.a hasiko dira lehian, asteburu honetan. Final zortzirenetan irabazleek Xala, Retebi Bi, Artola eta Altuna III.a izanen dituzte zain. Eta final-laurdenetako ligaxkarako A multzoan Martinez de Irujo eta Urrutikoetxea eta B multzoan Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a daude zain. Mikel Urrutikoetxeak beteko du Ekaitz Saralegik utzitako zerrendaburu tokia. Iazko sailkapena errespetatu izan balu, Mikel Olaetxeari legokioke tokia, baina behe-behetik hasi beharko du Olaetxeak.

Arretxe II.a, Ezkurdiaren lehen arerioa
Arbizuarra asteburu honetan sartuko da lehian. Iker Arretxe izango du aurkari larunbatean Tolosan antolatu den jaialdian (18:00etan, ETB1 eta Nafar Telebista). Ostegunean aukeratuko dute materiala, 11:30ean. Irabazleak Xala izanen du zain. Partida konplikatua izanen da. Aurten, buruz burukoan arbizuarra gailendu zitzaion Arretxeri, baina lau t´erdia beste kontu bat da. Ea arbizuarrak aurrera egiten duen.

Jaialdi berean Olaetxeak Irribarria izango du aurkari. Ostiralean Jaunarena eta Victorren arteko lehia jokatuko da eta igandean Aritz Lasa eta Elezkano II.aren artekoa. Irabazleek Artola, Retegi Bi eta Altuna III.a izanen dituzte zain final zortzirenetan.