ETBko infernua orain Arbizura

Guaixe 2015ko urr. 1a, 13:19
Lakuntzan grabatu zutenekoa.

ETBk Arbizun Herri txiki, infernu handi programarako saioa grabatu du. Gaur, 20:00etan gala eginen dute Arbizuko kiroldegian

Igandean hasiko da, ETB1ean, Herri txiki, infernu handi saioko denboraldi berria. Aurreko denboraldian sekulako arrakasta izan zuen saioak eta orain bigarren denboraldiari ekin diote. Euskal Herriko herri bat gai hartuta, herri horretako pertsonei elkarrizketak egiten dizkiete saioan. Esateko zerbait duten pertsonak hartzen dira kontuan, edo pasadizo xelebreak dituztenak, edo, besterik gabe, herri horretan kuttunak edo bereziak direnak. Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi beraiekin biltzen dira, herriaz eta euren bizipenez aritzeko. Aurreko denboraldian Lakuntzan grabatu zuten saioetako bat, arrakasta handiz, eta aurtengo denboraldirako beste herri sakandar bat hautatu dute, momentuz: Arbizu.

Gaurko gala
Herri txiki, infernu handi saioko lan taldea, Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi buru zela, berriki izan da Arbizun elkarrizketak egiten. Gaur, ostegunean, grabatutako elkarrizketekin egindako muntaia erakutsiko dute Arbizuko kiroldegian antolatu duten gala berezian, 20:00etan. Elkarrizketatuak izan diren pertsonak 19:30etarako hurbildu beharko dira bertara. Gala horretan Sebastian Lizasok bertsoak jarriko ditu eta Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik Arbizun bizitakoarekin bakarrizketa dibertigarriak egingo dituzte, eurek elkarrizketatutakoak aurrean direla. Ekitaldia irekia da.

Arbizuko saioa urriaren 11n eskainiko duela aurreikusten du ETB1-ek.