Ezkurdia: “Partida konplikatua izango da, Victor gogoekin etorriko delako”

Guaixe 2016ko urt. 21a, 09:38

Berasaluze ordezkatuko duen Victorren eta Beroizen kontra ariko dira Ezkurdia eta Barriola. Atzo egin zuten material aukeraketa

Ezkurdiak eta Barriolak oraindik oroimenean fresko dute larunbatean Aimar Olaizolaren eta Urrutikoetxearen kontrako garaipen ikusgarria. “Garaipen batek motibazioa eta poztasuna dakar, baina larunbatekoa eta gero, areagotu egiten da. Astea samurragoa izaten da eta gainera bi partida generaman 21ean geldituz eta zorteak ere gure alde izatea ere behar genuen“ adierazi zuen atzo Joseba Ezkurdia arbizuarrak asteazkenean Labriten. Zalantzarik gabe, garaipenak arnasa eman dio bikoteari, euren hirugarren puntua lortu dutelako, baina orain hurrengo partidan pentsatzen daude. Larunbatean atzera ere Labriten jokatuko dute, Berasaluze II.a ordezkatuko duen Victorren eta Beroizen kontra. Atzo egin zuten material aukeraketa eta lau pilotariak konforme azaldu ziren hautatutakoarekin.

“Partida konplikatua da, Victor gogoekin etorriko delako. Esku arina du, partidari erritmoa jartzen dio eta erraz sartzen da airez. Gauzak oso ongi egin beharko ditugu irabazteko” azaldu zuen Ezkurdiak material aukeraketan. “Guk badakigu zein den gure jokoa, partidari ganoraz heldu eta gogortu, eta gure jokoa egiten jarraitu behar dugu. Horregatik irabazi genuen larunbatean” gaineratu zuen.