Victorrek jokoz kanpo utzi zituen Ezkurdia eta Barriola

Guaixe 2016ko urt. 25a, 11:02

Berasaluze ordezkatzen zuen errioxarrak eta Beroizek 18 eta 22 irabazi zieten Ezkurdiari eta Barriolari

Aurreko astean Labriten Olaizola eta Urrutikoetxea modu ikusgarrian irabazteagatik zetozen Ezkurdia eta Barriola, eta arbizuarraren eta leitzarraren partida bikaina espero zen larunbatean Labriten. Baina Berasaluze ordezkatzen zuen Victorrek goitik behera baldintzatu zuen partida: lotsagabe jokatu zuen errioxarrak eta bere onetik atera zituen Ezkurdia eta Barriola. Material aukeraketan Ezkurdiak adierazi zuen Victorren eta Beroizen kontrako partida konplikatua izango zela, “Victor gogoekin etorriko delako”. Errioxarrak “esku arina” duela, “partidari erritmoa jartzen diola eta airez erraz sartzen dela” gaineratu zuen arbizuarrak. Eta bete betean asmatu zuen Ezkurdiak.

Hasieratik aurreratu ziren Victor eta Beroiz, 0 eta 4 eta 4 eta 8. Errioxarrak sekulako abiadura ematen zion pilotari eta non kokatu ez zekiela ere ibili zen Ezkurdia. 9 eta 10 gerturatu ziren Ezkurdia eta Barriola, baina Asegarcekoek 6 tanto egin zituzten bata bestearen atzetik eta 9 eta 16 aurreratu ziren. Ikusgarri jokatu zuen Victorrek eta asko arriskatu zuen. Dena galduta ikusi zutenean hasi ziren hobeto jokatzen Aspekoak. 13 eta 21etik 18 eta 21era gerturatu ziren Ezkurdia eta Barriola, baina orduan saketik falta egin zuen Ezkurdiak eta partida galdu egin zuten. Lasaitasun pixka bat emanen liekeen puntua galdu egin zuten arbizuarrak eta leitzarrak.

Izan ere, txapelketan 3 punturekin daude Ezkurdia eta Barriola. 9. jardunaldia jokatuko da asteburuan eta 2 puntu dituzten Irribarria eta Merino izango dituzte aurkari, hurrengo astelehenean Tolosan jokatuko den partidan. Arerio zuzenak dira eta behe postuetatik aldea hartzeko urrezko puntua dago jokoan. Gaur 8. Jardunaldiko azkeneko partida jokatuko da. Bengoetxea VI.ak eta Untoriak Artola eta Albisu izanen dituzte aurkari. Partida erabakigarria da, goiko postuetan puntuak pilatzea baitago jokoan.

Binakakoa. Sailkapena
7 puntu: Irujo-Rezusta
6 puntu: Olaizola II.a-Urrutikoetxea
5 puntu: Artola-Albisu
4 puntu: Bengoetxea VI.a-Untoria
3 puntu: Ezkurdia-Barriola
2 puntu: Irribarria-Merino, Altuna III.a-Merino II.a eta Berasaluze II.a-Beroiz

9. jardunaldia
Berasaluze II.a-Beroiz / Bengoetxea VI.a-Untoria (ostiralean Bilbon. ETB1, ntb)
Artola-Albisu / Altuna III.a-Merino II.a (larunbatean Idiazabalen)
Olaizola II.a-Urritikoetxea / Irujo-Rezusta (larunbatean Gasteizen)
Ezkurdia-Barriola / Irribarria-Merino (astelehenean Tolosan)