20 urte bete ditu Arbizuko Duatloiak

Guaixe 2016ko mar. 18a, 14:15

Arbizuko 20. Duatloia jokatuko da bihar, 15:30ean. Goizean, 10:00etan, Arbizuko IV. Haur Duatloia jokatuko da, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarria

Arbizuko udalak Arbizuko 20. Duatloia antolatu du biharko, larunbaterako. Proba antolatzeko Udalak Sakanako Triatloi Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Arbizu Kirol Elkartearen, Aralar Txirrindularitza Taldearen eta hainbat enpresa eta komertzioren laguntza izan du, herritarren babesarekin batera. Proba Nafarroako Txapelketarako eta Euskal Herriko zirkuiturako baliagarria da.

Duatloiarekin Arbizu eta Sakana ezagutarazi nahi dira, euskara bulkatzea eta, jakina, kirola eta duatloia sustatzea. Zaborrik ez sortzea da beste erronka bat, horretarako aurreko urteetako materiala erabiliko dute.  

Goizean haurrak
Goizeko 10:00etatik aurrera IV. Haur Duatloia jokatuko da, Nafar Kirol Jokoetarako baliagarria. Aurrebenjaminak (10:00etan, 240 m korrikan, 900 m bizikletan eta 125 m korrikan), benjaminak (10:20ean, 400 m korrikan, 1.800 m bizikletan eta 240 m korrikan), kimuak (10:55ean, 875 m korrikan, 3.910 m bizikletan eta 475 m korrikan) eta haurrak (11:25ean, 1.475 m korrikan, 7.700 m bizikletan eta 800 m korrikan) lehiatuko dira, 5-14 urte bitarteko neska-mutikoak, Arbizuko herri gunean prestatutako zirkuituan. 103 duatleta daude izena emanda.

Betikoa, herrikoia edo erreleboka
Duatletek hiru aukera izango dituzte. Batetik, betiko ibilbidea izango da –8 km korrikan, 32 km bizikletan eta 4 km korrikan–. Ibilbidean ez dago aldaketarik, duatletek Arbizuko ibilbidea oso gustukoa dutelako. Ibilbide gogorra da. Lizarragako Katea igo behar da bitan, eta haizeak jotzen badu oso gogorra izaten da. Baina askorendako luze egin daitekeelakoan, proba herrikoia prestatu dute bigarren urtez jarraian, ibilbide bera izango duena baina distantzia erdia –4 km korrikan, 16 km bizikletan eta 2 km korrikan–. Ibilbide hau kadeteek eta proba herrikoian parte hartu nahi dutenek osatuko dute, proba nagusia handi geratzen zaienei.

Horretaz gain, Arbizuko duatloia erreleboka egiteko aukera ere egongo da, hau da, batek korrika eta besteak bizikletaz egiteko aukera. Bikoteak mistoak ere izan ahal dira. Bestalde, paraduatletek ere badute proban parte hartzeko aukera. Nolanahi ere, modalitate guztiak ordu berean aterako dira, emakumezkoak 15:30ean eta gizonezkoak 15:35ean.

Zirkuitua
Arbizuko 20. Duatloiko irteera plaza parean izanen da. Herrian barna 4 kilometroko zirkuitu bat prestatu dute, eta hasieran zirkuitu horri bi buelta eman beharko zaizkio korrika, 8 kilometro osatuz (proba herrikoiekoek eta kadeteek buelta bakarra). Ondoren, boxetan bizikleta hartu eta 32 kilometro eginen dituzte, Kale Nagusitik abiatu, Lizarragako Katera igo eta Etxarritik barna Arbizura heltzeko lana bitan eginez (proba herrikoiekoek eta kadeteek buelta bakarra, 16 km). Ildo honetan, txirrindula proban duatletek ezingo dute aurreko edo ondokoaren gurpilari lotuta joan. Hau da, ezin da draftinga egin edo besteek egindako lanaz aprobetxatu. Aurrean doan txirrindularia 7-10 metrora izan beharko dute parte-hartzaileek, eta alboan dutena gutxienez metro batera. Distantziak betetzen ez dituztenek 2 minutuko zigorra jasoko dute.
Bukatzeko, txirrindula boxetan utzi eta herriko zirkuituari buelta bat emanen diote korrikan, 4 kilometro eginez (proba herrikoiekoek eta kadeteek erdia). Boxak Kale Nagusian egonen dira, ikusleek trantsizioak gertutik ikus ditzaten.

Duatleta asko
Badirudi aurtengo Arbizuko Duatloiak errekorrak apurtuko dituela, helduen kategorian dagoeneko 212 duatletek eman baitute izena. Haurren probetarako 103 daude izena emanda. Nolanahi ere, eguraldiak eragina izango du. Iragarpenak goizerako ez du euri gehiegirik aurreikusten, baina arratsalderako prezipitazio gehiago aurreikusten dira. Hala ere, lasterketa polita espero da, inoiz baino irekiagoa izanen baita proba.

Sari arbizuarrak
Proba bukatuta sari banaketa eginen da Arbizuko plazan. Lehenengo gizonak eta emakumeak 150 euro eta txapela jasoko dituzte, bigarrenek 100 euro eta hirugarrenek 50 euro. Horretaz gain, 23 urtez azpiko, junior mailako, beterano mailako, proba herrikoiko, erreleboetako eta paratrialetetako lehen gizonek eta emakumeek Arbizuko produktuen loteak jasoko dituzte Arbizu, Laket eta Floresen eskutik. Aipatzekoa da partaide guztiek txistorra jasoko dutela dortsala bueltatzerakoan. Horretaz aparte, parte-hartzaile guztien artean asteburu bateko egonaldia zozketatuko da Arbizuko eko kanpinean eta Olatzea Hotelean. Bukatzeko, auzatea izanen da Aldabide elkartean.

Antolakuntzak Arbizura gerturatzen direnei Lakuntzatik edo Etxarritik sartzeko deia egin diete, duatloia dela eta Arbizuko herri gunea itxita egongo delako. Halaber, segurtasuna bermatzeko bidegurutzeetan egongo diren boluntarioei kasu egiteko eskatu dute. Ildo honetan, antolakuntza lanean pertsona ugari ariko dira eta antolatzaileak “oso eskertuta” daude.

Informazioa
www.arbizu.info eta www.navarratriatlon.com.